Gipuzkoako metaleko langileek lan itunaren aldeko hirugarren greba eguna izan zuten atzo, ELAk eta LABek urrirako deiturikoetatik azkena. Langileen erantzunarekin pozik azaldu dira bi sindikatuak, «sektorearen geheingoak» greba egin duelako.Haien irudiko, argi geratu da langileek nahi dutena: lan itun duin bat. «Elkarrizketak hasteko prest gaude», adierazi zuen Unai Martinez ELAko metaleko arduradunak atzo, Donostian egitekoak ziren manifestazioaren aurretik. Gatazkaren giltza Adegik duela diote, ordea. «Adegiren esku dago gatazkan jarraitzea ala ez». Azarorako beste lau greba egun deiturik dauzkatela gogorarazi zuen Martinezek, eta Adegik negoziatzeko borondaterik erakutsi ezean lanuzteei eutsi egingo dietela. Uda aurretik beste lau lanuzte ere egin zituzten.
Martinezen esanetan, Gipuzkoako metalgintza sektorea oinarrizkoa dena defendatzera atera da kalera. «Genuena izaten jarraitu nahi dugu, lan itun duin bat, eta ez dugu onartuko kontrakorik, horrek ez baitauka zerikusirik krisiarekin eta eskariak gutxitzearekin». LABek, berriz, «60.000 langilerekin kupidarik gabe jokatzea» leporatu dio patronalari, prentsa ohar batean. Lan itun duin baten alde. Adegi, iruzur gehiagorik ez lelopean, milaka lagun bildu zituen Donostian egin zuten manifestazioak.
Baina, horrelakoetan ohikoa den gisan, sindikatuentzat «erabateko arrakasta» izan dena, «erabateko porrota» izan da patronalarentzat. Haren esanetan, Gipuzkoako metalgintza sektoreko 3.000 enpresatatik 50etan besterik ez du eragin grebak, eta eragina egunetik egunera txikituz joan da. «60.000 langiletik 8.300ek parte hartu dute lanuztean; sektorearen %13,6k, beraz». Grebak, pankartak eta mehatxuak alde batera uzteko eskatu die ELAri eta LABi. «Jarrerekin erakuts dezatela hitzekin esaten dutena; lan ituna negoziatzeko prest daudela, alegia».
ELA: «Adegik du giltza»
Adegik negoziatzeko borondaterik erakusten ez badu azarorako greba deialdiei eutsi egingo diete ELAk eta LABek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu