Lan harremanak

ELA: "Aulki elektrikoaren eta injekzio hilgarriaren arteko hautua egiteko gomendatuko luke LHK-k"

Adolfo Muñozen sindikatuak oso haserre erantzun dio Tomas Arrietari atzo eragin mugatuen aldeko defentsa egiteagatik. LHK-k negoziazio kolektiboan "arau demokratikoak gutxietsi" egin dituela dio ELAk.

Adolfo Muñoz, aurreko agerraldi batean. MARISOL RAMIREZ, ARGAZKI PRESS
xabier martin
2015eko uztailaren 22a
09:07
Entzun

"Antidemokratikoak direlako" arbuiatu ditu ELAk Lan Harremanen Kontseiluko (LHK) lehendakariak gutxiengo sindikalak negoziazio kolektiboan sinatutako akordioen alde egindako adierazpenak. "Arrietak uste izan du ELA gabe negoziazio kolektiboan erreformen aplikazioari bidea irekitzeko aukera izango zela". LHK-k Lanbidearteko Akordioa iristeko izan ziren saioetan "laguntza eman zuela" gogoratu du sindikatuak. "Asmo hura Confebasken jarrera gotorrak zapuztu egin zuen, ez baitzegoen erreformak zalantzan jar zitzakeen ezer onartzeko prest".

"Edozein akordio" hobea dela akordiorik ez izatea baino, hala esan zuen Arrietak atzo; bada, analisi horrek "albora uzten du" erreformek ezarri duten "errealitate latza eta patronalaren pribilegiozko jarreran duten eragina", ELAren arabera. Konparazio gogorrak egiten hasita, sindikatuaren haserrearen neurriko esaldia idatzi du ELAk bere oharrean: "LHK kapaz izango litzateke gomendatzeko aulki elektrikoaren eta injekzio hilgarriaren arteko hautua egin dezagun; edozer".

Neutraltasuna hankaz gora

LHKren ustezko neultraltasuna ere ezbaian jarri du ELAk, Confebasken alde ari dela esanez. "Patronalak ez du hauteskunderik egiten, ez du afiliaziorik eta, halere, LHKren moduko erakundeen babesarekin, diru publikoz finantzatutako lobby baten gisan jokatzen du, negoziazio kolektiboa blokeatzeko eta eztabaida sozialei betoa ezartzeko. LHK-k ñabardurarik egin gabe babestu du patronala ELAk bere ordezkaritza egiazta zezala eskatu dionean".

Eragin mugatuko itunen alde egindako defentsa aurpegiratu dio Adolfo Muñoz idazkari nagusi duen sindikatuak Tomas Arrietari. Atzetik emandako labankada bat balitz bezala hartu du. "Gutxiengo sindikalarekin ixten diren eragin mugatuko akordioak babesteko erabakia kolpe gaiztoa da langileek hautatutako ordezkaritzarentzat. LHK-k bere lehen helburuari eusten dio, alegia, bake soziala bermatzea, patronalak eta gobernuek nahi dutena egiten ari diren bitartean".

CCOOren erantzuna

ELAk negoziazio kolektiboa bazterrean utzi dituelako gertatzen dira eragin mugatuko itunak, CCOOk esan duenez, eta Aldolfo Muñozen sindikatuaren "zinismoa" salatu du. Sindikalismo "korporatiboa" egiten duela dio CCOOk, eta horrek milaka langile "babesik gabe egotera" eraman dituela. Horregatik, Unai Sordoren sindikatua "inoiz" eragin mugatuko itunak sinatzea aztertu du.

Eragin mugatuko itunen ondorioak ere aipatu ditu CCOOk, gogoratuta bakarrik sinatzaileen afiliatui aplikatzen zaizkiela, eta gainontzeko langileek hura ere aplikatzea nahi badute, eskatu egin behar dutela. "Beharrezkoak diren mekanismoak jar ditzala martxan ELAk bere afiliatuei ez eragiteko". oso bestelako egoera gertatzen dela dio CCOOK, "ELAren enpresetan xurgatu egiten direlako akordioak haiek kritikatu ondoren".

Eta etorkizunari begira ohar argia eman du Unai Sordoren sindikatuak: eragin mugatuko itunen aldeko apustuan jarraituko dute; alegia, Arabako metalgintzarekin hasitakoak segida izango du era batera edo bestera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.