CEBEKeko presidente Iñaki Garcinuñok esan du negoziazio kolektiboa "kasik gelditurik" dagoela Bizkaian. Izan ere, itun kolektiboa dutenen artean, bost langiletatik batek besterik ez ditu gaurkotuak bere lan baldintzak herrialde horretan. 40.000 behargin daude indarrean dagoen itun kolektiborik gabe. Horren ardura ELA sindikatuarena, Garcinuñoren arabera.
Ordezkaritza gehien duen sindikatuak enpresa hitzarmen aldeko apustua egin duela azaldu du patronaleko buruak, eta kopuru batzuk eman ditu: azken bost urteotan, Bizkaiko enpresa itunak, %11,2tik %12,4ra baizik ez dira igo. ELAren apustuaren okerra islatzen du datu horrek, CEBEKen ustez. Bien bitartean, sektoreko hitzarmen ugari galdu dira azken bosturtekoan, "ELAk ez dituelako sinatzen". Sektoreko 61 itunetatik 45era pasa da kopurua, eta horrek estatalizaziora eraman duela esan du Garcinuñok, euskal itunak galtzen duten askok Espainiako itun batean sartzen direlako. Azken bost urteetan, Bizkaian indarrean dauden Espainiako sektoreko itunek,16ik 28ra egin dute salto. Alegia, orain Espainiako hamabi hitzarmen gehiago aplikatzen direla Bizkaian.
"Horrek errealitate berri bat ekarri du: ELAk babestea hain gustuko duen euskal lan harremanen esparrua gainbeheran joatea". Adolfo Muñoz idazkari nagusi duen sindikatuaren estrategia "erabateko porrota da", Garcinuñoren hitzetan. "Esparru publikoan duen presio gaitasunarengatik ez balitz, ELAren eragina garrantzigabea litzateke". LAB sindiktuari ere erreparatu dio patronaleko buruak kritika egitean, "aldagai politikoa aurretik jartzen hasi delako". "EH Bilduren planteamenduak babesten ditu ELAk, eta horrekin LAB birkokatzea lortu du", erantsi du Garcinuñok.