Europako suspertze plana

ELA: «EBren planak ez die erantzuten krisi ekonomikoak eragindako beharrei»

Europako Kontseiluak asteburu honetan adostasun baten bila eztabaidatuko duen suspertze planak ez du funtsezko gaiak argitzen, sindikatuaren arabera.

Pedro Sanchez eta Anegla Merkel, atzo. HAYOUNG JEON / POOL
xabier martin
2020ko uztailaren 15a
13:06
Entzun

Koronabirusak eragindako krisi ekonomikoa gainditzeko berebiziko garrantzia izango du Europako estatu eta gobernu buruek asteburuko goi bileran adostu dezaketen suspertzen plana. Haren atarikoan, ELAk abisu argi bat du: «Arazoen irtenbidea Europako funts horietatik etorriko den itxaropena sortzen ari da. Argi dago hori ez dela horrela izango, ez zenbatekoagatik, ez epeengatik, ez epeen xedeagatik, ezta ekarriko dituzten politiken baldintzengatik ere».

Edonola ere, Next Generation EU planak hainbat berritasun dauzka orain arte Batasunak laguntza emateko izan duen irizpideei begira. Hasteko, Batzordeak Batasunaren aurrekontua indartzea proposatu du 2021-2027ko aldirako, 750.000 milioi euroko ekarpenarekin. Hauxe da proposamena: 500.000 milioi euro, transferentzia edo diru laguntza gisa, eta 250.000 milioi, mailegu gisa. Baina ELA sindikatuak uste du aldaketa horien arrazoia ez dela  «bat-batean Europako Batasunak norabide neoliberal eta austerizidari buelta eman izana»; errealitate bikoitz baten ondorioa dela uste du: «Krisi ekonomiko orokorra eta sakontasun handikoa, eta hegoaldeko herrialdeetan Europarekiko baztertze sentimenduaren areagotzea».

Orain ezagutzen dena «proposamen bat» baino ez dela adierazi du ELAk, eta eztabaida «hasi berria» dela ere bai. Izan ere, plan horren aurka daude Batasuneko kide batzuk, xuhurren taldea buru dela: Herbehereak, Austria, Danimarka eta Suedia. Ez datoz bat zenbatekoarekin; 750.000 milioi euro zenbateko handiegia iruditzen zaie; ezta transferentzia eta maileguen proportzioarekin ere. Kreditu gehiago eta zuzeneko diru laguntza gutxiago nahi dute. Gainera, laguntzak jasotzeko baldintza gehiago eskatzen dituzte, eta egutegiarekin eta ordaintzeko epeekin ere desados ageri dira. «Beraz, negoziazioa gogorra izango dela aurreikus daiteke, eta aldaketak egoten badira, horiek ez dute proposamena hobetuko, guztiz kontrakoa baizik».

«Eskasa da»

COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoak ez du aurrekorik, ELAren ustez, eta «erakunde publikoen erantzun azkar eta sendoa behar du». Hala, EBk diru kopuru handiagoa jarri beharko luke mahai gainean, sindikatuaren arabera. «Next Generation planak duen diru kopurua labur geratzen da. Berreraikuntzaren 0,75 bilioiak motz geratzen dira Europako Parlamentuak eskatutakoaren aldean (2 bilioiko funtsa). Zergatik dioen ELAk hori? «2020an Eurogunean aurreikusitako zor publikoaren igoera 2,4 bilioi euro da. 0,75 bilioirekin zulo horren heren bat baino ez litzateke estaliko, kasurik onenean».

Gauzak horrela, euskal sindikatuak dio behar besteko plana ez onartzeak talka egingo duela EBZk bank -sistemari likidezia masiboki txertatzeko politikarekin. «Diru hori zuzenean estatu kideen finantzaketara bideratu izan balu, krisiari aurre egiteko nahikoa izango litzateke». Gainera, laguntzen dirua zertarako erabiliko den ere «zalantzan jarri behar da», ELAk dioenez. «Propagandatik harago, badirudi egungo ereduari eusten saiatuko direla, ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegitik egokia ez bada ere. Tokian tokiko elite ekonomikoen statu quo-a defendatzen jarraitzen da».

«Berandu iritsiko da»

Europako suspertze plana ez da behin betiko onartuko urtea amaitu baino lehen, ELAren ustez. Eta funtsak ez lirateke datorren urteko urtarrila baino lehen banatzen hasiko. «Epe horiek ez datoz bat gobernuek koronabirusak eragindako odolusteari aurre egiteko baliabideak lortzeko duten premiazko beharrarekin: erregulazioen ordainketak, enpresentzako kreditu lerroak, osasun sistemaren baliabideak... Pandemiak gehien astindu dituen herrialdeek dirua berehala behar dute, eta Europako burokraziak eta Batasuneko gobernuen erabakiak hartzeko prozesuek hori horrela izatea eragozten dute».

Mitxel Lakuntza idazkari nagusi duen sindikatuak aurreikusten duen beste arazo handi bat da laguntzek izango duten baldintza maila. «Plana Batasunaren aukera austerizidan sakontzean oinarritzen da». Aurreikus daiteke, ordea, baldintza horiek desberdinak izango direla aurreko hamarkadakoen aldean; alegia, Troika eta beltzezko gizonak ez lirateke azalduko oraingoan; «egia da, halaber, COVID-19aren pandemiaren eta 2008ko krisiaren irakaspenek ondorio batzuk utzi dituztela, krisi horren ondoren gertatutako guztia berritzea zailduko duena».

Baina ELAk argi dauka Batasuneko kide askok oraindik ere lotzen dutela baliabide ekonomikoak jasotzea, hala transferentziak nola maileguak, doikuntza politiken aplikazioarekin eta egiturazko erreformekin. «Funts horiek eskuratzen dituzten estatuek hurrengo urteetan Europako Egonkortasun eta Hazkunde Ituna bete beharko dute, eta, horrela, beren politika publikoak baldintzatuko dituzte. Kontrakoa esatea herritarrak engainatu nahi izatea da. Dirua eskatzen duten herrialdeek ez dute autonomia nahikorik izango baliabideak zertara bideratzen dituzten zehazteko. Eta dirua jaso eta aldez aurretik adostutako erreformak egiten ez dituztenek itzuli egin beharko dute jasotako zenbatekoa».

Alternatiba bat

Arrazoi horiek guztiak eta agiri luze-zabal batean jasotako beste hainbat arrazoi kontuan hartuz, ELA sindikatuak uste du Next Generation proposamenak ez diela erantzunik ematen COVID-19aren ondoren bizi den osasun, ekonomia eta gizarte krisiaren ondorioz sortutako beharrei. Eta horren arrean alternatiba bat eskani du, hainbat esparrutan neurriak hartuz. «Europako Banku Zentralak gobernuen zuzeneko finantzaketa baimendu behar du; defizitaren, zor publikoaren eta gastu arauaren mugak amaitu behar dira; Gobernuei helarazten zaizkien funts europarrek ez dute inolako baldintzarik izan behar lan eta gizarte eskubideak murrizteko, ezta aurrekontu austeritateko politikak aplikatzeko ere» Horrez gain, ELAk eskatu du zor publikoaren auditoretza bat, ordainketa atzeratzea eta «legitimoa ez den zatia» kitatzea. Halaber, proposatu du krisiaren kostu ekonomikoak, funtsean, errenta handiek, enpresek eta kapitalak ordaintzea, zergen gehikuntza baten bidez.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.