Ordu eta laurden egon dira bilduta Nafarroako Jauregian Maria Txibiterekin. Oraingoz, Iñigo Urkulluk sindikatuekin biltzeari uko egin dio, eta, horregatik, Lakuntzak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «atea itxia» duela, eta Txibiterena, aldiz, «irekia» dagoela. Garbiñe Aranburuk nabarmendu du «giro onean» egin dutela. «Normaltasun baten baitan ulertzen dugu».
Lakuntzarekin eta Aranbururekin batera, bilkuran izan dira Imanol Pascual ELAko Nafarroako koordinatzailea, Imanol Karrera LABeko Nafarroako koordinatzailea, Iratxe Alvarez ESK-ko Nafarroako eleduna, eta Diana Bruño Steilaseko bozeramailea.
Bileraren nondik norakoak
Bilkura amaituta, Garbiñe Aranburuk adierazi du prekaritatearen eta pobreziaren inguruan duten kezka azaldu diotela Txibiteri. Era berean, Gutun Sozialaren edukiaren berri eman diote: esate baterako, gutxieneko pentsioak 1.080 eurora igotzea ziurtatzeko osagarriak aipatu dizkiote, 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko lan astea bermatzea, funtzionarioen arteko behin-behinekotasun tasa handiari aurre egitea, errenta bermatua hobetzea edo alokairu soziala sustatzea.
Halaber, beste eskaera zehatz bat egin diote. Sindikatuek lan baldintzak duintzeko akordio esparru bat proposatu diote CEN enpresaburu elkarteari, eta mahai horretan parte hartzera deitu dute gobernuari bera: «Patronalari presio egin behar dio, hura baita bizi dugun prekaritate egoeraren erantzule nagusia». Txibitek ez die oraingoz erantzun zehatzik eman, baina, horren zain, Aranburuk «mobilizazio gehiago» iragarri ditu.
«Formetan ongi, edukietan gaizki»
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak ñabardura bat eman dio bilkura osteko balorazioari. Honelaxe laburbildu du Txibiteren jokabidea: «Formetan, ongi; edukietan, gaizki». «Formetan, ongi, atea itxi ez digulako eta zabal-zabalik irekita utzi duelako», zehaztu du. Urkulluren aldean, Txibitek beste jarrera bat azaldu du: «Prestasuna erakutsi du gurekin egoteko, eta hori normaltasun politikoan kokatu behar da, badakizue-eta agintari batzuek ez dutela hala pentsatzen».
Aldiz, Lakuntzak kritikatu du 2020ko aurrekontu proiektuan ez direla Gutun Sozialaren proposamenen inguruko neurri zehatzak jaso. Horregatik, nabarmendu du euren aldarrikapenek kalean jarraitu behar dutela. Greba egunean «udaberri beroa» iragarri zuten, eta, horri buruz galdetutakoan, Lakuntzak zehaztu du LABek egin zuela ohartarazpen hori: «Gizartea aktibatzeko tresnarik aktiboena greba da, eta orain hori kudeatu behar dugu». Haren esanetan, bi gobernuei, patronalei, Madrilgo gobernuari eta ezkerreko alderdiei egin dizkiete aldarrikapenak: «Aintzat hartu behar da aldarri horiek ez direla bakarrik diskurtsoan jaso behar, bai eta praktikan ere».