ELA eta LABen oniritzirik gabe adostu dituzte Portlandeko 250 kaleratze

Ez dute zehaztu erabakiak Lemoako eta Olatzagutiko lantegietan zenbateko eragina izango duen

Erredakzioa
2012ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Cementos Portland Valderrivasek 250 langile kaleratuko ditu.Enpresako zuzendaritza akordioa lortu du CCOO eta UGT sindikatuekin lantaldea murrizteko. ELA eta LABekin ez dute ezer adostu, ordea, nahiz eta ELAk Lemoako (Bizkaia) lantegian gehiengoa izan eta LABek Olatzagutikoan (Nafarroa). Oraingoz250 langile kaleratuko dituztela iragarri dute, baina ez dute zehaztu neurriak enpresak Euskal Herrian dituen bi lantegietan zenbateko eragina izango duen.

Etxegintzaren krisiaren ondorioz, zementu eskaerak jaitsiera handia izan du azken urteetan; aurtengo lehen seihilekoan, esate baterako, %34, 6 jaitsi da eskaera Espainian, 2011rekin alderatuta. Egoerari erantzuteko, Cementos Portlandek enpresaren berregituratze plan bati ekin dio.

Plan horrek langileen 250 langil kaleratzea jasotzen du, besteak beste. Zuzendaritzak CCOO eta UGTrekin adostu ditu kaleratze horiek emateko baldintzak. Batetik, 58 urtetik gorako 160 langileri erretiro aurreratua proposatzea jasotzen du akordioak. Bestetik, 62 langileri gaur egun azpikontratatuak dauden lanpostuetara mugitzeko proposamena egitea. Etorkizunean lanposturen bat libre geldituko balitz, horiei eskainiko lieke zuzendaritzak.

Maila altuagoko edo maila bereko postu batera aldatzea onartzen ez duten langileak kaleratu egingo dituzte, kalte-ordain bat emanda: hogei eguneko soldata, lan egindako urte bakoitzeko, 12 hilabetez. Maila txikiagoko lanpostuari uko egiten dionak enpresan daraman denboraren araberako kalte-ordaina jasoko du.

2012an eta 2013an txanda kontratuak etetea ere adostu dute zuzendaritzak eta bi sindikatuek. Akordioak, gainera, nabarmendu egiten ditu «mugikortasun geografikoa eta funtzionala»,«ordutegien eta egutegien malgutasuna» eta horrelako kontzeptuak. Hartutako neurriei jarraipena egingo dien batzorde bat ere eratuko dute; batzordean akordioa lortu duten hiru aldeek soilik hartuko dute parte.

«Negoziazio prozesu iluna»

ELAk salatu du 250 lanpostu kenduko dituen planaren negoziazio prozesua «iluna eta elitista» izan dela: «Langileek ez dute batere informaziorik jaso, eta ez dute eztabaidan parte hartzeko aukerarik izan.

Sindikatuaren arabera, negoziazioak Madrilen eginda langileen ordezkariak gutxietsi egin dituzte; horregatik, CCOOri, UGTri eta enpresaren zuzendaritzari eskatu die lantegi bakoitzeko negozio esparruak errespetatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.