ELAk euskal erakundeei Europako funtsei uko egiteko eskatu die «gizarte eskubideak murriztearen baldintzapean» badatoz. Sindikatuak nabarmendu du Europako Batasunak sustaturiko Next Generation funtsak jasotzeko erreformak egin behar direla, besteak beste, «pentsio sisteman, lan legedian eta merkatu batasunari buruzko araudian». Era berean, salatu du funtsen helburua egun martxan dauden multinazionalen egitasmoa finantzatzea dela, eta ez osasun, zaintza, edo enplegu politikak bultzatzea.
ELAren ustez, Europako funtsen norabidea «onartezina» da, eta horrelako baldintzapean datozen funts oro ezin da onartu. Hori ikusirik, europar ereduaren «orientazioa» guztiz aldatu behar dela iritzi dio, eta bertan behera utzi aurrekontu egonkortasuneko arauak. Erabaki horren eskutik, «igoera handia» eskatu du errenta handien, enpresen, ondarearen eta kapitalaren gaineko zergetan; eta horrela aurrekontu nahikoak bermatu ahal izango direla gizarte babesa edo zerbitzu publikoen arloetan.
ELAk Eusko Legebiltzarreko eztabaida monografikoaren harira plazaratu du gaiaren inguruko bere iritzia, baina gogoratu du, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak euren proposamenak egingo dituzten arren, Espainiako Gobernuak urtarrilean erabakiko duela funtsen helmuga zein izango den, «alde bakarrez». Horren harira, gogoratu du Espainiako Gobernua azken asteetan Europako Batasunarekin «modu klandestinoan» ari dela negoziatzen funtsen trukean egin beharreko erreformak. Salatu du bilera horietako agiriak ez direla publiko egiten ari, baina ELAk badakiela funtsen baldintzen inguruan eztabaidatzen ari direla.