Soldata igoerei muga jartzen die; soldatak jaisteko enpresek erabiltzen dituzten estrategiei ez die oztoporik jartzen; eta lan baldintzak "hondatzeko filosofia" ontzat ematen du. Hiru ideia horiekin laburbildu du ELAk 2015-2017 eperako CCOOk, UGTk, CEOEk eta CEPYMEKk Madrilen sinatutako akordioa. Alabaina, gogoratu du funtsean "soilik gomendio sail bat" dela. "Lan baldintzak benetan hitzarmen bakoitzean sinatzen denaren araberakoak izango dira".
ELAren esanetan, ez da harritzekoa Confebaskek Hego Euskal Herrira ekarri nahi izatea akordioa, soldatak apaltzeko eta lan merkatua malgutzeko aukera ematen duelako. Horrez gain, gaitzetsi egin du Eusko Jaurlaritzak esan izana prest dagoela akordio hori onartzeko edo beste bat egiteko. "Oraingoan ere patronalaren estrategia ontzat eman du, eta haren bermatzaile bihurtu da".
Adierazi du ez dela egia adostutakoari esker soldatak %1 igoko direnik aurten, ezta %1,5 datorren urtean ere. Aldiz, malgutasuna eta prekaritatea sustatzen dituela uste du. Hala, ELAk salatu du "sindikalismo laguntzailearen adibide" dela akordioa, eta enpresen etekinak ugaritzea soilik duela helburu, lan baldintzak zeharo okertuta. "Halako akordioekin sindakalismoak ez du zeresanik. Garaiotan sindikatu batek ezin ditu gomendioak sinatu".