ELA: «Gatazka gabeko hitzarmen onik ez da egongo aurrerantzean»

Enpresaz enpresako hitzarmen kolektiboak lortzea hobetsiko du sindikatuak, gatazka baliatuz

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
«Gatazka gabeko hitzarmen onik ez da egongo aurrerantzean». Hala uste du Joseba Villarreal ELA sindikatuko negoziazio kolektiboko arduradunak. Eta hitzarmen onak lortzeko, «gatazka ezinbestekoa izango da». Izan ere, haren arabera, negoziazio kolektiboa «hankaz gora jarri dute» azken urteetan egindako erreformen ondorioz. Sektorekako hitzarmen probintzialek indarra galdu dutela salatu du Villarrealek, eta horregatik, testuingurua aldatu delako, sindikalismoa egiteko modua aldatu egin behar dela uste du ELA sindikatuak. «Hastapenetan egiten zen sindikalismora» itzultzea proposatu du Villarrealek, gatazkan oinarritutako ekinbidera, hain zuzen ere. Bilbon egin zuen agerraldia ELAk atzo, negoziazio kolektiboaz mintzatzeko.

Eta hitzarmen onak lortzeko modua nola aldatu? Enpresaz enpresa. Lantoki bakoitzean lekuan lekuko hitzarmenak borrokatu beharko direla aurreikusten du Villarrealek, erreformek indarra kendu dieten neurrian. Beraz, «erreforma enpresako atetik sar ez dadin», langileak hobeto antolatzeko saiakera egingo du aurrerantzean ELAk: «Alternatibak bilatuko ditugu defentsa kolektiboari eutsi ahal izateko». Enpresen sindikalizazioan jarriko dute indarra, «lantegietan indartsua izan behar baitugu aurrera egin ahal izateko».

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburu ohiak 2011n egin zuen negoziazio kolektiboaren erreformak hitzarmenen zentralizaziorako lehen urratsak egin zituela gogorarazi du Mirari Irure ELAko zerbitzuen saileko idazkari nagusiak. Hala ere, «behin betiko kolpea» Raxoiren otsaileko azken erreformak ekarri duela uste du. Joan den ekainaren 28an onartu zen erreforma, eta, horren arabera, enpresako hitzarmenek lehentasuna daukate zenbait gaitan, «soldatetan, esaterako». Beraz, ELAtik uste dute sektorekako hitzarmen probintzialak «gomendio huts» bihurtu direla, ez direlako derrigorrezkoak izango minimo bat ezartzeko garaian.

Egoera horri aurre egiteko, CCOOren, UGTren eta LABen jarrera ezbaian jarri du negoziazio kolektiboko arduradunak. «Zergatik negoziatzen dute sektorekako hitzarmen probintzialek minimoak izaten jarraitu dezaten, legeak horrela ezartzen ez duenean?». Egungo lan testuinguruak fikziorako tarte gutxi uzten duela ohartarazi du, eta hiru sindikatuek egin zuten negoziazio saio horretan akordiorik lortu ez zelako, ELAk inongo ardurarik ez duela esan du Villarrealek. «Nola izango dugu ardurarik mahaian eseri ez baginen?», galdetu du.

Gainera, Hego Euskal Herriko patronala negoziazio kolektiboaren puntu guztiak ezartzen ari dela esan du Irurek. Horregatik, Villarrealek uste du «euskal patronala, eta Espainiakoa gauza bera» direla. «Espainian eta hemen, erreformak eskaintzen dizkien neurri guztiak ezartzen jarraituko dute». Beraz, Hego Euskal Herrian «atzerakoiak» izango ez liratekeen neurriak adostea «ezinezkoa eta pentsaezina» dela dio Villarrealek.

Negoziazio kolektiboaren azken erreformak, gainera, enpresariei «abantaila» ematen diela esan du Villarrealek. Izan ere, ultraaktibitatea urte batera mugatzen du; hau da, hitzarmena lortzeko adostasunik lortzen ez bada urte bateko epean, maila apalagokoa ezartzen da. Beraz, «enpresariek itxaron besterik ez dute egin behar». Era horretan, erreforma otsailean indarrean jarri zenetik, hitzarmenak betetzen ez dituzten enpresen eta soldatak jaitsarazi dituztenenen kopuruak «etengabe igotzen ari da Hego Euskal Herrian».

Patronalak eta ugazabek erreformari izkin ez egiteko borondatea erakutsi dute, ELAren ustez: «Horregatik, bidea eta borroka partekatzeko prest gaude, estrategia ondo finkatu ostean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.