Finantzen Euskal Kontseiluan entzundakoekin kritiko agertu da ELA sindikatua. Aurtengo zerga bilketa espero zena baino 243 milioi euro txikiagoa izango da. Ondorioz, Eusko Jaurlaritzak aurrekontuak egiteko aurreikusi zuena baino 145 milioi euro gutxiago jasoko ditu aldundietatik. Kopuruaren berri izan gabe, gastu murrizketak egitea "saihestezina" izango zela onartu zuen kontseiluaren bezperan Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak. Atzo, ordea, inolako murrizketarik ez zela egin beharko ziurtatu zuen Ogasun sailburuak, Ricardo Gatzagaetxebarriak. Haren azalpena izan zen urte amaieran 145 milioi baino gehiago utzi ohi dituela gobernuak gastatu gabe, aurrekontua ez dela inoiz osorik betetzen.
ELAren ustez, Erkorekaren hitzak zuzendu ditu gobernuak, "baina inolaz ere iragarri zituen murrizketak". Gastu betearazpenei buruz hitz egitea "eufemismoa" iruditzen zaio sindikatuari, murrizketa "berdin" egingo delako. "Hizkuntza manipulatu, eta murrizketa gehiago ezarriko dira, 150 milioi euro ingurukoak".
Ohar baten bidez eman du bere iritzia ELAk gaur. Murrizketa "arbitrarioak" departamentu guztietan egiten direla uste du. Obra eta zerbitzuak adjudikatzerakoan gastua murrizteko estrategia aipatu du sindikatuak. "Aurrekontua baino askoz gutxiagoren truke adjudikatzen dira, eta horrek enpleguak eta lan baldintzak galtzea eragiten du". Murrizketa "isilak" direla azpimarratu du ELAk, arreta publikorik deitzen ez dutenak, baina efektu sozial "latzak" dituzte.
Zerga politiak aldatu beharra
Zerga politika "gero eta bidegabeago" baten ondorio dira murrizketak, ELAren aburuz. Errenta handiei, kapital errentei, eta enpresei mesede egiten dien politika bat da. Ogasunek zergen zama lan errenten gainean jartzea "irrazionala" iruditzen zaio sindikatuari, aldi berean gobernuen eta patronalen helburua "soldatak murriztea" denean.
Enpresek eta kapital errentek "EAEn Espainian baino zerga gutxiago" ordaintzen dituztela kritikatu du ELAk. Zerga politikari buruz eztabaidarik ez dagoela eta arauak onartzeko parte-hartze soziala "hutsaren hurrena" dela azpimarratu du sindikatuak. "Zerga kontuak pertsona gutxi batzuren artean erabakitzen dira, enpresa interesekin lotura handiak dituztenak".