ELAri ez zaio batere gustatu Mercedes-Benz enpresak Gasteizko lantegirako iragarri dituen geldialdiak. Enpresak kalkulatu du aurreikusi baino 8.000 furgoneta gutxiago egin beharko dituela aurten. Hori dela eta, lantegia bost egunez ixtea erabaki du zuzendaritzak: urriaren 8tik 11ra, eta urriaren 19an. Gainera, azaroko lau ostiraletan eta abenduaren 21ean ekoizpenik ez dela izango baieztatu die zuzendaritzak langileei. Era berean, azaroaren 12tik abenduaren 20ra, gaueko lan txandarik ez da egongo Gasteizen.
Sindikatuak ohar baten bidez azpimarratu du ez dagoela "arrazoi produktiborik" erabaki horren oinarrian. Uste du ibilgailu konpainiek "presio politikoa" egin nahi dietela administrazioei. "Ibilgailuak erosteko pizgarriak nahi dituzte", ziurtatu du. Diesel ibilgailuen salmentak nabarmen behera egin dutela da konpainiaren argudioa.
Guztira, 147.000 ibilgailu egingo ditu aurten Mercedesek. ELAk gogoratu du lantegiaren produkzio marka handiena baino 3.000 gutxiago direla soilik. Horren haritik, itun kolektiboak eskaintzen dituen malgutasun neurriekin "abusatzea" egotzi dio enpresari. ELAk adierazi du, gainera, aldi baterako kontratuei buruzko legedia bete gabe jarraitzen duela Mercedesek.
ELAk du langile batzordeko lehendakaritza. CCOOrekin eta LABekin elkarlanean ari da batzorde horretan, eta indar bozkatuena, UGT, presidentzia kargutik kentzeko aliantza osatzen dute hirurek. Sindikatuak uste du langileek "ordainduko" dutela orain ekoizpena gelditzea: "Bahitutako aparteko orduak heldu den urteko larunbatetan sartu beharko dituztenek ordainduko dute".