Arcelorren sortu den krisia baliatu du ELA sindikatuak Eusko Jaurlaritzaren industria politikaren aurka jotzeko. Multinazionala eta beste enpresa batzuk Altzairuaren Mahaian biltzen ditu Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako Sailak. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren aburuz, enpresen argudioak ontzat hartzeko eta euren asmoei estaldura emateko baino ez du balio gune horrek. "Enpresak ixteko eta desindustrializatzeko enpresek duten estrategian bidelagun da mahaia", Muñozen hitzetan.
Zumarragan duen lantokitik produkzioaren parte bat kentzeko asmoa iragarri du Arcelor Mittalek asteon. ELAren ustez, behin betiko itxiera da benetan martxan dagoena. Zuzendaritzak eman dituen argudioak "faltsuak" direla salatu du idazkari nagusiak. Batetik, Txinako dunpinaren eragina aipatzea burugabea iruditzen zaio, Arcelorrek berak Txinan altzairua ekoizten duelako eta esportatzen ari delako. Bestetik, industria handien argindar kostuak ez direla Europan baino garestiagoak ziurtatu du, EHUko irakasle batek egindako azterketa batean oinarrituta.
ELAren aburuz, Urkulluren gobernuak ontzat jo ditu enpresaren aitzakiak. Auziari buruz "ainkeriaz" aritzea egotzi dio Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileari, Zumarragako itxierak Sestaoko ACBri arnasa eman diezaiokeela aldarrikatzeagatik. ELAk azpimarratu du ekoizpen ezberdinak egiten dituztela bi altzarutegiak, eta, ondorioz, ez direla produkzio bateragarriak. Sestaoko lantegiaren jarduna orain dela hilabete eta erdi gelditu zuen Arcelorrek.
Zumarragako langileak gaur dira batzartzekoak. Bilera horietara mobilizazioak eta lanuzteak egiteko eskaera defendatuko dute ELAren ordezkariek. Gatazka Zumarragatik kanpo eramateko apustua ere aldarrikatuko dute. Ez da sektorean dagoen lan gatazka bakarra. Tubos Reunidos taldeak Galdindon duen behin behineko erregulazioa Amurrioko lantegira hedatu nahi du. Kasu honetan, lan baldintzak okertzeko "xantaia" baten barruan kokatu du egoera ELAko buruzagiak.
Egoera, okerrera
Gasteizen azaldu du ELAk altzairuaren sektoreko egoeari buruz duen iritzia. Horrekin batera, pasa den urtean enpleguak izan zuen bilakaeraren azterketa plazaratu du. Sindikatua kezkatuta dago, bere ustez egoera ekonomikoaren irakurketa "baikorregia" ari direlako euskal erakundeak ematen, "errealitatearekin zerikusi gutxi duena".
Aberastasun maila apurka 2008. urtean zuen mailara itzultzen ari da, baina orduko egoerarekin alderatuta, orain 150.000 lanpostu gutxiago eta 100.000 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian. "Aberastasunaren banaketak gero eta desoreka handiagoa du", ondorioztatu du Mikel Noval sindikatuko ikerketa buruak.
Prekaritatea egoera inoiz baino gehiago zabaltzen ari da, Muñozen arabera. "Prekaritatea da Jaurlaritzaren, patronalaren eta mundu kooperatiboaren aukera", haren hitzetan. Herri ekinbide baten bidez azpikontrata publikoetan egoera hori aurre egiten saiatu da sindikatua, baina EAJk eta PSE-EEk beste eduki bat onartzea erabaki dute. "Ez dute borondaterik prekaritatearen amaitzeko", kritikatu du Muñozek.