Zergak. Erreforma Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

ELA «kezkatuta» dago Bilduk Lopezen proposamenekin duen jarrerarengatik

Neurriak txarrak direla uste du Muñozek, ez diotelakoan fiskalitatearen eztabaidari erantzuten

Adolfo Muñoz, Idoia Intxaurre eta Mikel Noval, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak zerga sisteman proposatu dituen aldaketetan Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ados jartzeko aukerak daudela esatea «kezkagarria» iruditzen zaio Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiari. Izan ere, lehendakariaren proposamenak «txarrak» direla iruditzen zaio ELAri, eta horren ezinbestekoa den aldaketa fiskalari erantzunik ez zaiola ematen uste du Muñozek. «Ez dakigu Garitanok lehendakariaren proposamenak irakurri ote dituen, baina bertan guk ez dugu ezer aurrerakoirik topatu», Muñozen hitzetan.

Lehendakariak fiskalitatearen inguruko eztabaidari «musika aurrerakoia jarri nahi dio, baina neurri horiek aplikatuko balira, egungo egoeran baino okerragogeundeke», Muñozen hitzetan.Horregatik, eskuineko politikak planteatzea eta patronalaren proposamenak bere egitea egotzi dio Lopezi, «zergak ukitu baino lehenago, gastu sozial asko murriztu behar direla esaten baitu». Horregatik, eskuina gero eta mutu- rrerago doala uste du, eta ezkerrak eskuinerarako bidea hartu duela.

«Xenofoboari bide»

Mahai gainean jarritako proposamenen artean, iruzur fiskalari aurre egiteko, neurririk hartu ez izana egotzi dio ELAk lehendakariari. Presio fiskal handiagoa, eta erakundeen esku hartze handiagoa eskatu du, neurri horiek hartzen dituzten herrialdeak krisiaren «kolpeei» hobeto erantzuten ari baitira, Muñozen arabera, «eta hori lehendakariak ez du aipatu ere egiten». Zentzu horretan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eredu fiskala Irlandaren parekoa dela nabarmendu du.

Iruzur fiskala gizarte prestazioetan gertatzen den iruzurrarekin parekatu izana ere larritzat jo du ELAk. Izan ere, gizarte laguntzek eragiten duten iruzurra zergek sortzen dutenarekin alderatuz gero, «askoz txikiagoa» da. Kontrolak ere handiagoak dira gizarte laguntzei dagokionez, eta horregatik iruzur fiskala jarraitzeko neurri gogorragoak eskatu ditu. Gizarte laguntzen iruzurra fiskalarekin alderatu izanak gainera, kolektibo ahulenak «kriminalizatzen» dituela uste du Muñozek, eta «horrek xenofobiari bide ematen dio».

PFEZeko gehienezko tasa marjinalaren igoera ere proposatu zuen lehendakariak bere neurrien artean, %45etik %47rako igoera mahai gainean jarriz. Neurri hori «azalekoa» da sindikatuarentzat, azken urteetan egin diren murrizketen ondorioz %56tik %45era jaitsi zela azpimarratu baitu. Horretaz gain, «oharkabean» igarotako neurri batzuk ere kritikatu ditu. Esaterako, enpresa txiki eta ertainentzako ezartzen den sozietateen gaineko zerga tasa nominala%24tik %23ra jaistea neurri larritzat jo du Muñozek. Enpresa jardueren etekinentzat PFEZaren progresibitatea kentzea ere proposatu zuen lehendakariak, kolektibo horien- tzat %23ko tasa bakarra ezarriz.

Azken neurri gisa, enplegu politikak sustatzeko eskaintza ere egin zien Lopezek hiru diputazioetako buruei. Hori guztia, ordea, «enpleguarekiko kezka duen gobernu baten itxura» emateko egin dutela azpimarratu du Muñozek, «euren politiken ondorioz langabezia gora egiten ari baita uneoro».

Eusko Legebiltzarrak fiskalitatearen inguruko erabakiak hartzeko konpetentziak dituela ziurtatu du Muñozek, eta horregatik eztabaida hori parlamentu horretan egin dadila proposatu du ELAko buruzagiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.