Pentsioak

ELA, LAB eta eragile sozialak kalera irtengo dira pentsioen erreformaren aurka

Datorren asteartean Donostia, Bilbo eta Gasteizen mobilizatuko dira, eta hilaren amaieran Iruñean.

Lander Muñagorri Garmendia.
2013ko uztailaren 3a
13:49
Entzun

Pentsioen beste erreforma baten “beste mehatxu bat” datorrelako, ELA, LAB eta Gune plataforma osatzen duten eragile sozial eta sindikalek mobilizatzeko deia egin dute. “Gizartea are gehiago txirotu nahi dute”, esan du Mikel Novalek, ELAko gizarte gaietako idazkariak. Izan ere, gogorarazi du batez beste 1.050 euro dela orain Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan pentsiodunek jasotzen duten hileroko errenta, eta Nafarroakoa, berriz, 960 euro. “Iraunkortasun faktorearekin, pentsioak berriz ere kalkulatuko dira, baina kasu honetan beherantz egingo dute”. Beraz, herritar bakoitzak Gizarte Segurantzara zenbat diru bideratzen duen badakiela esan du Bea Martxueta LABeko arlo sozialeko idazkariak. “Baina ez dakigu zenbat jasoko dugun”.

Ildo horretan, Rajoyren gobernuak izendatu zuen aditu batzordea kritikatu du. “Begiratu besterik ez dago zeintzuk dauden batzorde horretan, jakiteko neurriak noren aldekoak izango diren”, Matxuetaren hitzetan. Bankuetako eta aseguru etxeetako ordezkariak bertan egonda, pentsioak jaitsi eta pentsio plan pribatuak haziko direla aurreikusi du. ”Oraindik asko daukate hazteko, beraz, erreforma euren aldekoa izango dela nabarmena da”.

Hori guztia salatzeko Donostia, Bilbo eta Gasteizen mobilizazioak egingo dituzte Gizarte Segurantzaren egoitzen aurrean. Hilaren 9an izango dira elkarteratzeak, goizeko 11:30ean. Iruñean ere mobilizatuko dira, baina oraindik ez dute eguna zehaztu. Hala ere, uztailaren amaieran izango dela aurreratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.