Absentismoa "kontrolatzeko aitzakia" baliatu zuen iaz Espainiako Gobernuak Mutualitateen Lege berria onartzeko. Urtarrilarekin batera indarrean da legeak, eta eragin zuzena du langileen gaixoaldien kudeaketan; egoera berriaren inguruan, ELA sindikatuak hainbat ohartarazpen egin ditu gaur. "Langileen gaixoaldi guztien kudeaketa sistema publikotik mutuen sistemara bideratzen ari dira", esan du Muñozen sindikatuak. Kontua da erreformak "are gehiago" zabaldu duela mutualitateen "ekintza eremua".
Aldaketa asko eta askotarikoak jasotzen du PPk EAJ eta CiUren laguntzaz onartutako arautegiak. Mutualitateek laneko gaixoaldiko lehen egunetik beretik jardun ahal izango dute, esaterako. Orain arte, hamaseigarren egunetik aurrera jardun zezaketen. Egokitzat jotzen dutenean, senda-agiria medikoa ematea proposatu ahal izango diote osasun zerbitzu publikoetako ikuskaritza medikoari. Aldi berean, senda-agiria emateko proposamena igorri dela jakinaraziko diete langileari eta Gizarte Segurantzari. Ikuskaritza medikoak gehienez bost egunean jakinarazi beharko die mutualitateari eta Gizarte Segurantzari senda-agiria ematea onartu duen ala ez. Mutulitatearen proposamena ukatzen bada edota behar den moduan eta epean erantzuten ez bada, mutualitateak Gizarte Segurantzari zuzenean eskatu ahalko dio senda-agiria, eta hark lau eguneko epean erantzun beharko du.
"Tresna gehiago izango dituzte, beraz, gaixoaldia lehen egunetik bertatik laburtzen saiatzeko: osasun zerbitzu publikoek hasieratik emango dietelako mutualitateei gaixoaldiaren berri", salatu du ELAk. "Gainera, mutualitateek osasun azterketa egitera deitu ahalko dute langilea, eta langileak nahitaez joan beharko du, prestazioa galdu nahi ez badu edo senda-agiri medikoa emateko proposamenak egin ahalko dizkiete osasun zerbitzu publikoei".
Horrez gain, mutualitateek gaixoaldiko lehen egunetik deitu ahalko dituzte langileak osasun azterketa egitera. "Langilea ez bada joaten, prestazioa kautelaz eteteko aukera bildua dago", ohartarazi du sindikatu abertzaleak. Lau egunen epean, langileak absentzia “behar bezala” arrazoitu ez badu, aldi baterako ezintasun egoera iraungiko da.
Orain arte, osasun sistema publikoko medikuek ez bazuten erantzuten, alta ez zen behin betikoa izaten. Erreforma horren bidez, bost egunean erantzunik ez badago, Gizarte Segurantzako ikuskaritzak esku hartzeko eska dezakete, eta lau egunez erantzutera egongo da behartua.
"Azken urteotan, mutualitateek gero eta eskumen gehiago eskuratu dituzte. Senda-agiri medikoak ematea baizik ez zaie falta. Izan ere, horixe da patronalaren betiko xedea, eta ez dute etsiko hori lortu arte", dio ELAk.
Halaber, sindikatuaren arabera, "langileek babes txikiagoa izango dute mutualitateen gehiegikerien inguruan". Enpresak langileei zerbitzua emateko kontratatzen dituzten entitate horiek "irizpide ekonomizista hutsen arabera dihardute", baina legez eman zaien funtzio publikoa dute, hots, enpresa elkartuetako langileen lan osasuna zaintzea. "Azken finean, langileen osasunean eragin kaltegarria izango du".
EAJren babesa, "larria"
ELAk dio "erabat" dagoela erreforma berriaren edukiaren aurka. "Bereziki larria da EAJk eman dion babesa. Mutualitateen egoera txarra ezin orokortu dela argudiotzat erabilita, bat egiten du osasun sistemaren etengabeko pribatizazio prozesuarekin". ELAk dei egin die EAEko eta Nafarroako Gobernuei mutualitateekin elkarlanean ez aritzeko, "hori baita bide bakarra Osakidetzak eta Osasunbideak irizpide ekonomizisten gainetik herritarren osasuna babestea bermatzeko".