ELA: «Lehendakariak gaizki eginikoa ez du onartzen; nekez konponduko du horrela»

Mitxel Lakuntzak uste du «hauteskunde aurreko giroan» kokatu behar direla Urkulluk sindikatuari eginiko kritikak. Zail ikusten du LABengana gerturatzea

Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren albokoa eta Mitxel Lakuntza idazkari nagusia, atzoko agerraldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko irailaren 8a
00:00
Entzun
ELA sindikatuaren ustez, «hauteskunde aurreko giroa» da azken egunetan Jaurlaritzaren eta EAJko agintarien aldetik jaso dituen kritiken arrazoia. Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak «arreta desbideratzeko» nahia egotzi die Iñigo Urkullu lehendakariari eta Andoni Ortuzar EBBko presidenteari. Are gehiago, autokritika falta leporatu die, eta hori arriskutsua dela gizartearentzat: «Gizartearen haserrea gobernuaren erabakien ondorio da. Lehendakariak ez du hori ikusi nahi, ez du onartzen gaizki egiten duena, eta horrela nekez konponduko du». Halaber, zehaztu du sindikatuaren jardunari erreparatu dion edonork badakiela kritikoak izan direla EH Bildurekin.

ELA sindikatuak urte sindikalerako asmoen berri eman du, eta agerraldiak karga politiko handia izan du, bai behintzat Lakuntzaren analisian. Lehendakariak «higatze estrategia» baten barnean egotea egotzi zion ELAri, eta Ortuzarrek EH Bilduren eta LABen eskutik jardutea. Idazkari nagusiak biei erantzun die. Aurrenekoari esan dio onar dezala gizartearen haserrea bere erabakiaren ondorio dela; eta adierazi du sindikatuak «presionatzen» jarraituko duela politikak aldatu ditzan. Bigarrenari, aldiz, erantzun dio ELAren autonomia politikoa ezin dela auzitan jarri, eta horren eredu dela EH Bilduri askotan leporatu diotela ez duela oposiziorik egiten.

Kritika ez da hor bukatu, eta Lakuntzak nabarmendu du, bere ustez, lehendakariak «beti» egiten duela bat patronalarekin, eta ELAri bizkarra ematen dion bitartean ez duela arazorik jendea pobretzen duten enpresekin biltzeko: «Bankuak, petrolio konpainiak, argindar enpresak... Sanchez Galan Iberdrolako presidentea erraz aurkitu daiteke EAJren ekitaldietan». Gai berean, eta Urkulluk aurkeztu konbentzio konstituzionalaren inguruan galdetuta, esan du ez duela harengan sinesten, EAJk azken urteetan izan duen jarrerarekin bat ez datorrelako: «Plantak egiten ari da. 25 urte dira autogobernua higatzen ari direla, eta ez du ezer egin».

LABekiko harremana ere hartu du hizpide. Iragan asteartean Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak onartu zuen sindikatuen arteko harremanak hobetzea nahiko lukeela. Lakuntzak, aldiz, zail ikusten du epe motzean gerturatzemugimendurik egotea: «Azken urtean LABek hartu dituen erabaki estrategiko batzuk gure norabidearen aurka doaz. CCOOrekin eta UGTrekin lan itunak sinatu ditu, eta ezertarako balio ez duten elkarrizketa sozial mahai batzuetara itzuli da».

Zaintza, zahar etxeak...

Amaia Muñoa idazkari nagusiaren albokoak, berriz, aurreratu du negoziazio sindikalari dagokionez erosahalmenaren defentsan eta genero arrakalaren aurka borrokan jarraituko dutela. Azaldu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileen %52k lan hitzarmena berritua zutela, eta soldatak batez beste %4,93 igo direla aurten, «Datu horiek Espainiako batezbestekoak baino hobeak dira, eta hala bada, grebei esker izan da». Igoera horiek, baina, ez dira eremu guztietan geratu, eta gogoratu du funtzionarioen soldatak %2,5 igo direla. «Patronala erakunde publikoak direnean, soldata igoerak txikiagoak dira».

Langile askok hitzarmena berritua dute, baina oraindik %46 inguru dira indarrean ez dutenak edo lan itunik ez dutenak. «Gehienak emakumeak dira, gainera. Gizonezkoak gehiengoa diren sektoreetan errazago lortzen dira akordioak», azaldu du. Alde horretatik, berritzeke dauden hainbat lan itun izendatu ditu: zahar etxeena Araban eta Nafarroan; ostalaritzarena, elikagai salmentarena eta esku hartze sozialarena Bizkaian; eta garbikuntzarena Gipuzkoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.