FISKALITATEA

ELA: «Paradisuak salbu, presio fiskal txikiena daukagu»

«Lotsagarria da enpresaburuek, batez beste, langile arruntek baino 6.600 euro gutxiago aitortzea urtero», adierazi du sindikatuak

BILBO
2004ko irailaren 28a
00:00
Entzun
«Paradisu fiskalen eta Irlandaren ondotik, guk daukagu zerga presio txikiena Europako Batasuneko herrialdeen artean», jakinarazi zuen ELAko idazkari nagusi Jose Elorrietak atzo. «Eskandaluzkoa» iritzi zion «iruzur fiskalen ugaritzeari», eta salatu zuen Hego Euskal Herriko foru ogasunek «behar baino 1.000 milioi euro gutxiago» eskuratzen dituztela urtero.

Iazko fiskalitatearen gaineko txostena aurkeztu zuen ELAk Bilbon. Elorrietak administrazioei galdegin zien «gardentasun handiagoz» jokatzeko eta zerga bilketari buruzko datuak garaiz argitaratzeko. Oztopoak oztopo, Elorrietak kritikatuzuen «atzerakoia eta bidegabea» dela sistema fiskala. «Ikuskapenak ezdeusak dira,batez ere laneko errentek jasaten dute zergen zama eta enpresaburuek ez dituzte benetako irabaziak aitortzen». Gezurretan aritzea egotzi zien enpresaburuei: «Batez beste, langile arruntek baino 6.600 euro gutxiago aitortzen dituzte urtero. Lotsagarria da. Ondotxo dakite administrazioak ikuskapenik ez duela egiten ia, eta iruzurretan dabiltza».Elorrietak deitoratu zuen presio fiskala gero eta txikiagoa dela lau herrialdeetan. BPGren %32,6ra jaitsi da Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian. Nafarroan, aldiz, %33,1era. «EBko apalenetakoa da, paradisu fiskalak salbu», azaldu zuen.

Ogasunek 11.655 milioi euro bildu zituzten iaz

Hego Euskal Herriko foru ogasunek 11.655 milioi euro bildu zituen iaz, eta zeharkako zergen pisuak gora egin zuen berriro, «langile arrunten kalterako». Izan ere, Elorrietak argitu zuenBalio Erantsiaren Zerga handitu zela iaz gehien: %10,3. Behera egin zuten, ordea, zerga zuzenek. Irabazien araberako zergek, hain zuzen.

Dena den, ELAko buruak kritikatu zuen zerga zuzenen artean, lanaren errenta izan zela «garrantzitsuena». Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko ogasunek, adibidez, 3.079 milioi euro bildu zituzten zerga horri esker. 316 milioi euro besterik ez enpresaburuen eta profesionalen errenten bidez. Laneko errentak eta kapitalaren gainekoak «kontrako norabidean» doazela nabarmendu zuen: «Atzeraka goaz etengabe». Are gehiago, zerga zuzenen artean, laneko errentek izan zuten presio fiskalik handiena iaz (BPGren %6,5). Aldiz, enpresaburuek zama txikiagoa hartu zuten bere bizkar. BPGren %2,9, sindikatu abertzaleak landutako txostenaren arabera.

-

IRUZUR FISKALA



 

119 milioi euro berreskuratu zituzten iaz EAEn





Iruzur fiskala «arazo latza» dela erakusteko, adibide harrigarria jarri zuen ELAko idazkari nagusiak. «2001ean, EAEn, ogasunek 119 milioi euro bildu zituzten egindako zerga ikuskapenen bidez. Dirutza ikaragarria da hori. Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren aurrekontu osoa halako bi, alegia». Elorrietak berretsi zuen «premiazkoa» dela ikuskapen gehiago egitea. «Enpresaburuek ondo dakite foru ogasunek kasik ez dituztela kapitalaren gaineko errentak miatzen, eta horregatik ez dituzte irabazi guztiak aitortzen». Gipuzkoan, esaterako, 39 enpresabururen errentak bakarrik ikertu zituzten iaz. Ikuskapenak handituz gero, «askoz mamitsuagoa» litzateke zerga bilketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.