FISKALITATEA

ELA: «Zerga iruzurra ez amaitzeko erabaki politikoa hartu dute»

Sindikatuak «irrigarria» iritzi dio ikuskapen mailari, «aldundiek soberan baitauzkate baliabide teknikoak»

BILBO
2005eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
«Atzera goaz», salatu zuen ELAko idazkari nagusi Jose Elorrietak atzo, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko fiskalitateaz ari zela. «Irrigarria» iritzi zion ikuskapen mailari. «Herri txikia gara eta soberan dauzkagu iruzurra kontrolatzeko baliabideak». Agintarien «borondate falta» da arazoa. Ez ei daukate iruzurra saihesteko interesik.

Adibide argigarria jarri zuen Elorrietak: «2002an 390 ikuskapen egin zituzten Gipuzkoan, 1997ko 663en aldean». Bestela ere, kopuruok «eskasegiak» direla gaitzetsi zuen. Iruzur fiskalari ez ikusiarena egiteko «erabaki politikoa» hartu du euskal Administrazioak, kontrolak areagotzea «errentagarria» den arren. Orain bi urte, esaterako, ia 100 milioi euro berreskuratu zituzten hiru foru aldundien artean.Iruzurra batik bat profesionalen errentekin lotu zuen Elorrietak. Batez beste, 11.000 euroko irabaziak aitortu zituzten enpresaburuek 2001ean. Laneko errentak dauzkaten behargin apalagoek baino 6.000 euro gutxiago. «Aldea ez datza benetako irabazietan, noski», adierazi zuen ELAko idazkari nagusiak, ironia ozpinez. Iruzurra saihesteko «alferkeriaz» gain, fiskalitate sistema «atzerakoia» izan zuen hizpide. «Informazio gardenik ez dute ematen erakundeek zergen bilketari buruz, eta hori gutxi balitz bezala, Europa osoko presio fiskalik txikiena daukagu, Irlandaren atzetik». Zortzi puntukoa da batez besteko aldea, eta horrek zera dakar: gizarte gastuetan %8 gutxiago gastatzea. Presio fiskalaEuropako Batasunekoaren antzerakoa balitz, aldundiek urtero 4.266 milioi euro gehiago bilduko lituzkete, ELAko Ikerketa Bulegoko arduradun Mikel Novalen hitzetan. Nabarmendu zuen presio fiskala txikia dela, baina batik bat laneko errentei eragiten diela.Lanekoek %80ko pisua daukate aitortutako errenta mota guztiei dagokienez. Aldiz, enpresaburuen errenten pisua gero eta makalagoa da, eta %9an dago jada. «Bidegabea» da presio fiskala. Novalek, gainera, jakinarazi zuen gero eta apalagoak direla zerga zuzenak (errentaren araberakoak), eta gero eta handiagoak zeharkakoak (kontsumoaren araberakoak).

Zerga zuzen eta zeharkakoen arteko aldea, zabalagoa

Ikerketa Bulegoko kide Julene Gabiolak laburbildu zuen urteotako joera. «Presio fiskala kasik ez da igo 1998tik hona. Ordea, BEZaren (Balio Erantsiaren Gaineko Zerga) modukoek gora jarraitzen dute». Bi zerga moten arteko aldea gero eta zabalagoa dela iragarri zuen: «0,4 puntuko zuloa zegoen 1998an, eta bi puntukoa dago orain».

Eustaten arabera, foru aldundiek 9.906 milioi euro batu zituzten iaz zergen bidez, 2003an baino %7,6 gehiago. BEZari esker eskuratu zuten diru gehien: 3.600 milioi eurotik gora. PFEZaren bilketa 3.050 milioi eurokoa izan zen, zerga bereziena 1.200ekoa, sozietateen zergena 1.150ekoa eta gainerako zergena, 837 milioikoa. Ildo horretatik, sindikatuko arduradunak kezkatuta azaldu ziren zeharkako zergek berdin eragiten dietelako herritar guztiei, eta ez delako zilegi hileroko irabaziak kontutan hartzen ez dituzten zergak gero eta handiagoak izatea. Behargin apalenek enpresaburuek baino hamar aldiz zerga zuzen astunagoak jasaten dituztela salatu zuten ELAkoek, halaber.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.