Aurreko kongresuan baina %16 kide gehiago dauzka ELAk orain: 104.695, guztira. Afiliazioari buruzko txostena aurkeztu zuen sindikatuko idazkari nagusi Jose Elorrietak atzo. Datu bi nabarmendu zituen. «Emakumezkoak dira 2000tik hona ELAn izena eman duten pertsonen %54, eta 35 urtetik beherakoak dira kide berrien %41». Sindikatuaren izaerarekin eta lan ildoekin lotu zuen afiliazioaren bilakaera: «Kontraboterea gara. Lan merkatuak baztertutako herritarrei begira gaude».
Euskal Herriko afiliazio maila apala denik ukatu egin zuen ELAko idazkari nagusiak. «Soldatapeko langileen %25 sindikatu bateko edo besteko kide dira». Ukatu zuen, halaber, erresistentzia kutxek erakartzen dituztenik militanteak. Usteak uste, ondo iritzi zion «elkartasun poltsak» prestatzeari: «Badirudi beste sindikatuek ere erresistentzia kutxak jarriko dituztela martxan, greban dauden langileen diru premia asetzeko».Elorrietak azaldu zuen Hego Euskal Herriko sindikaturik handiena dela ELA. Askotariko herritarrak biltzen ditu, baina soldatapeko langileak batez ere. Langabeak eta erretirodunak dira kideen %12.
Afiliazioa, herrialdeka
Sindikatuak Bizkaian dauzka afiliatu gehien: 48.752. Gipuzkoan 32.846, Araban 13.456 eta Nafarroan 9.641.
Bestalde, Elorrietak jakinarazi zuen kide kopuru bertsua dagoela ELAko lau federazioetan. Ordea, Zerbitzuak eta Gizalanen emakume gehiago dago estreinako aldiz. Gizonezkoak dira nagusi Hainbat eta Metala federazioetan. Sindikatuan, orotara, gizonezkoak dira militanteen %66. Alabaina, %3,5 hazi da emakumezkoen kopurua lau urteren buruan. 35.579 emakume daude ELAn orain. Batez besteko adina 42 urtekoa da eta kideen %98k finantza erakundeen bidez ordaintzen dute hileroko kuota. Soldatapekoek 12 euro eta langabeek sei.
ELAk %16 kide gehiago lortu ditu 2000tik hona
Afiliatuak 104.695 dira orotara, eta emakumeak dira azken lau urteetan izena eman dutenenetatik %54
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu