Azaroaren 26 eta 27an Bilbon egingo duten biltzar nagusirako prestatzen hasi dira ELAkoak eta, horregatik, sindikatuaren afiliazioa eta finantzei buruzko datuak zabaltzeko agerraldia egin zuten atzo Jose Elorrieta idazkari nagusiak, Patxi Agirrezabala komunikazio arduradunak eta Amaia Muñoa diruzainak. Emaitza positiboak eramango ditu zuzendaritza taldeak kongresura, afiliazioarena batez ere, 2004. urtetik %4,42ko hazkundea izan baitu. 4.623 bazkide gehiago egin ditu ELAk eta, dagoeneko, 109.318 afiliatu ditu Hegoaldean.
EAEko lehenengo sindikatua izateari eutsi dio ELAk 2004ko kongresutik gaur arte, ordezkaritza sindikalaren 0,65 puntuko galera izan badu ere, %40,93tik %40,28ra. Elorrietak esan zuenez, %40ko mugatik gora jarraitzeko helburua zuten, eta gainditu egin dute. Afiliatuen galera nagusia Bizkaian izan dute, Bilbon batez ere.
Emaitza hobeak izan ditu sindikatuak Nafarroan, ordezkaritzaren %20,89tik %21,46ra igaro baita. Guztira, 1.220 afiliatu eta 161 ordezkari irabazi ditu ELAk lurralde horretan, «sindikalismo abertzaleak arazo handiak dituen lurraldean».
Sindikazio tasan ere egin du behera ELAk Hegoaldean, %10,18tik %9,64ra, baina idazkari nagusiak galera horren inguruko azalpen ulergarriak daudela esan zuen. Duela lau urtetik hona lan merkatuan txertatutako talderik handienak etorkinak eta emakumezkoak izan dira, eta horiek «sindikatuetan biltzeko ohitura oraindik ez dute bereganatu».
Afiliatuen artean, alabaina, emakumeen kopuruak gora egin du ELAn 2004. urtetik, %33,98tik %36,98ra. Zerbitzuetan igo da gehien. Etorkinen datuak, bestalde, lehen aldiz jaso ditu sindikatuak biltzar nagusirako txosten batean. Hegoaldean lan egiten duten Europako Batasunetik kanpoko 61.954 etorkinenatik 2.082 ELAn afiliatu dira azken urteotan, guztien %3,36, hain zuzen ere. Abiapuntu «interesgarria» deritzo Elorrietak kopuru horri.
Finantzen burujabe
Afiliatuenak ez ezik, sindikatuaren adierazle ekonomikoen berri eman zuen ELAk atzoko agerraldian. Aurreko biltzarretik 75,6 milioi euroko sarrerak izan dituztela azaldu zuen idazkari nagusiak, tarterik handiena, %85,72, bazkideen kuotek osatzen dutela. Administrazioak ia 5 milioi euroko laguntzak eman dizkie epe berean, eta ia horrenbeste eskuratu dute erakunde soziolaboraletako parte-hartzeari esker. Datuek sindikatuaren «finantza autonomia handiaren erakusle» direla uste du Elorrietak.
Grebarako funtsari, azkenik, 11,7 milioi euroko ekarpena egin dio ELAk azken lau urteetan.
ELAk 4.600 afiliatu irabazi ditu 2004tik, eta Nafarroan egin du gora batez ere
Sindikatuaren XI. kongresutik %4,42ko hazkundea izan du, eta ordezkarien %35,6 ditu dagoeneko Hegoaldean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu