Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak esan du Gipuzkoako Foru Aldundiaren (Bildu) fiskalitate aldaketa ere "benetan" izan beharko lukeenaren aldean "anekdota" eta "kariktura" dela. Gainera, Bilduri leporatu dio parte hartzeko biderik ez eman izana.
"Eztabaida fiskala sakonean" egitearen beharra azpimarratu du Muñozek, eta "konbentzituta" agertu da murrizketen ordez alternatibak badaudela.
Fiskalitate justuaren alde ELAko ehunka ordezkarik manifestazioa egin dute gaur Donostian, eta Diputazioaren egoitzaren aurrean egin ditu adierazpenok Muñozek. Arabako (PP) eta Bizkaiko (EAJ) aldundien fiskalitatea ere kritikatu egin du, eta herrialde haietan ere egingo dituzte mobilizazioak: bihar Gasteizen, etzi Bilbon. "Bide honetatik jarraitzen bada, administrazioaren beharra duen jendeak asko sufrituko du. Ondorioz, premiazkoa, ezinbestekoa eta erabat beharrezkoa da politika fiskala aldatzea".
EAEko Zergak Koordinatzeko Organoaren kontra ere jo du ELAk, eta hura "sekta bat" dela adierazi du, erabakiak "ezkutuan" hartzen dituelakoan.