ekonomia

ELAk auzitara eramango du Espainiako Bankua, dirua "neurri gabe" xahutzeagatik

Galiziako CIG sindikatuarekin batera, Espainiako, Hego Euskal Herriko eta Galiziako ordezkariak salatu ditu, eta "erantzukizunak" eskatu dizkie.

2012ko maiatzaren 10a
16:38
Entzun

Adolfo Muñoz ELA sindikatuko idazkari nagusiak eta Suso Seixo Galiziako CIG sindikatuko idazkari nagusiak Espainiako, Hego Euskal Herriko eta Galiziako gobernuek hartutako murrizketak salatu dituzte gaur, Donostian, eta iragarri dute Miguel Fernandez Ordoñez Espainiako Bankuaren gobernadorea eta gobernuetako arduradun politikoak auzitara eramango dituztela.

Bi sindikatuen ustez, banketxe eta aurrezki kutxetako arduradunek "onartu ezineko" hainbat erabaki hartu dituzte, eta erantzukizunak eskatzeko ordua iritsi da. "Lotsagarria da gertatzen ari dena. Neurririk gabe xahutu dute dirua. Kontrolik gabe aritu dira, eta, orain, diru publikoa erabiltzen dute zuloak estaltzeko", adierazi dute.

Horregatik, Espainiako Bankuko gobernadorea eta gobernuen arduradunak (presidenteak barne) auzitara eramatea erabaki dute, "gertatu dena berriro errepika ez dadin eta erantzukizunak eskatu behar direlako".

ELA eta CIG sindikatuetako idazkari nagusiek uste dute arduradun politikoak eta Espainiako Bankuko gobernadorea "gezurretan" aritu direla. 

Harremanak sendotzearen alde agertu dira biak, patronalari aurre egiteko. Seixoren hitzetan, "egoera oso larria da, eta horren aurrean mobilizazioak areagotu beste irtenbiderik" ez dago. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.