ELAk auzitara jo du, administrazioen murrizketei aurre egiteko asmoz

Negoziazio kolektiborako eskubidea urratzea leporatu die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari

jakes goikoetxea
Donostia
2010eko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Aurrena kalean, gero epaitegietan. Hala erantzun die ELAk Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak iragarritako murrizketei, langile publikoen soldatetan eta enplegu publikoan. Atzo aurkeztu zituen neurrien kontrako helegiteak, askatasun sindikalerako eta negoziazio kolektiborako eskubideak urratzeagatik. Neurriak bertan behera uzteko, lehengo egoerara itzultzeko eta kalte-ordainak emateko eskatu die. Gainera, beste arlo batzuetako murrizketen aurka aurkeztea ere aztertzen ari da: udaletan, foru aldundietan, hezkuntza itunduan eta enpresa publikoetan.

Funtsean, sinatutakoa ez betetzea leporatzen die ELAk administrazioei. Gertaera aipagarria da ELAren kasuan, iaz Jaurlaritzako funtzionarioen lan baldintzei buruzko akordioa lortu baitzuen, bederatzi urtean adostasunik lortu gabe egon ostean. Akordioa ona zela esan zuen sindikatuak: %0,3ko soldata igoera aurten, kontsumorako prezioen indizearen araberakoa 2011n, aldi baterako 4.600 lanpostu finkatzea eta 13.000 lanpostu ingururen eskaintza publikoa.

Baina Espainiako Gobernuak funtzionarioen soldataren %5eko jaitsiera iragarri zuen, defizita murrizteko neurrien barruan. Eta Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ere bere egin zuten neurria, bakoitzak bere erara.

Enpresa publikoetan ere bai

Eusko Jaurlaritzaren kasuan, funtzionarioen soldataren %0,56 eta %2,86 arteko jaitsiera, hutsik dauden lanpostuak ez betetzea eta ordezkapenak murriztea; Nafarroako Gobernuari dagokionez, %0,24 eta %6,70 arteko soldataren jaitsiera, berez %0,3ko igoera hitzartu zuten arren. ELAk salatu du, Espainian ez bezala, murrizketak soldata osagarriei eta enpresa publikoetako eta itunpeko irakaskuntzako langile guztiei ere eragingo diela.

Langile publikoei ohartarazi die «nahasmendua» dela nagusi lansarien ordainagiriak egin behar dituzten langileen artean, eta funtzionarioei gomendatu die ondo begira ditzatela. Abendukoa batez ere, orduko lansari berezian egingo baita murrizketaren zati handiena, kopuru osoaren %30.



Betikolan programak enplegua suntsitzen duela salatu du ELAk

Berez, diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonei lan merkatuan sartzea errazten dien programa da Jaurlaritzaren Betikolan. Laguntzak ematen dizkie enpresei horiek kontratatzeagatik, 6.000 euro bakoitzeko. ELAren iritziz, aldiz, enpresariak programa hori diru iturri gisa baliatzen ari dira, beren ohiko premietarako pertsona horiek «doan» kontratatuz eta beste langile batzuen kontratuak aurreztuz.

Langile horiek mota guztietako beharrak asetzeko erabiltzen ari direla dio sindikatuak, normalean horretarako kontratatzen zuten jendea lanik gabe utziz. «Kontrol eta jarraipen falta» ikusita, ELAk salaketak aurkeztuko ditu Lan Ikuskaritzan eta Lan Sailean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.