ELAk azpimarratu du gutxieneko diru sarrerak ez duela hobekuntzarik ekarriko

ELAren ustez, neurriak ez du balio «pobrezia egoera estrukturalei» aurre egiteko. Ondorioztatu dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dutela dirurik «aurreztuko».

Jendea ilara egiten Lanbideren bulego batean, Gasteizen, astelehen honetan. RAUL BOGAJO (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko ekainaren 4a
12:40
Entzun

ELA sindikatuaren arabera, Espainiako Gobernuak onartu berri duen bizitzeko gutxieneko errentak oro har ez du hobetuko Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren babes sisteman dauden pertsonen egoera. Eta bi gobernuentzat ere ez du etekin nabarmenik ekarriko, «dirua aurreztuko dutela azpimarratu duten arren». Neurria aztertu ondoren, bi ondorio horiek azpimarratu dituzte sindikatuaren azterketa bulegoko kide Janire Landaluzek eta Mikel Novalek.

Sindikatuak azaldu du gutxieneko errentak ez dituela Jaurlaritzaren diru sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) edo Nafarroako errenta bermatuaren (EB) diru kopuruak gehituko, eta ez dituela onuradun gehiago sortuko, salbuespen batzuekin: lau heldu edo gehiago dituzten familia unitateetan 30 euro gehiago jasoko dituzte; eta urtebetez modu iraunkorrean bizi izana erakusten duten paperik gabeko atzerritarrek jaso ahal izango dute gutxieneko errenta —DSBEa, ordea, ez, gutxienez hiru urteko errolda eskatzen zaielako—.

Landaluzek azpimarratu duenez, Hego Euskal Herriko bi errentek «nahikoa gabezia» zituzten aurretik ere, eta Espainiakoak ez ditu horiek konpondu. Adibidez, sindikatuak uste du DSBEa edo EBa baliatu beharko liratekeela langabezian dauden pertsona guztientzat, eskubide indibidual gisa, haien errenta gutxienez lanbide arteko gutxieneko soldataren parekoa izan dadin.

Pobrezia eta krisia

Era berean, sindikatuak eskatu du aintzat hartzeko pobreziaren eta gizarte bazterkeriaren aurka Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak bultzatu zuen herri egitasmo legegileak jasotzen dituen neurriak: DSBEaren zenbatekoari dagokionez, bakarrik bizi direnentzat lanbide arteko gutxieneko soldataren %100; eta %50 gehiago beren kargura daukaten pertsona bakoitzeko, gehienez lanbide arteko gutxieneko soldataren bikoitzera iritsi arte.

ELAk gogoratu duenez, pobrezian jausteko arriskuan dauden pertsonen %66,4k ez dute «arreta egokirik» jasotzen prestazio sistemaren aldetik, eta pobrezian dauden hiru pertsonatik bakarra ateratzen da egoera horretatik egungo gizarte prestazioen sistemari esker. Nabarmendu du, halaber, 2018an 130.000tik gora biztanle zegoela pobrezia larrian, 2008an baino %46 gehiago. Eta ohartarazi du koronabirusaren krisi ekonomikoak handitu egin ditzakeela zifra horiek.

«Ez dute aurreztuko»

Espainiak gutxieneko errenta onartu izanak ere izan du beste ondorio bat: Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kudeatuko dutela. Horrek, baina, ez duela «etekin ekonomiko» nabarmenik ekarriko azpimarratu du ELAk. Novalek azaldu duenez, transferentzia gauzatzean — «teorian urriaren 31n»—, bi administrazioek beren gain hartuko dute Espainiako errentaren zenbatekoa, baina horrek kopuruetan eta onuradunetan ia aldaketarik ekarriko ez duenez, «saldo ekonomikoa» egungoaren berbera litzateke.

Transferentzia egin arte, berriz, Novalek adierazi du Madrilek itzuliko diela bere errentaren zatia Jaurlaritzari eta Nafarroako gobernuari, baina haiek Espainia osoko gastuaren parte bat ordaindu beharko dutela, kupoaren eta ekarpenaren bidez: kostu osoaren, %6,24 Lakuak eta %1,6 Iruñeak.

«Ikusteko dago kupoagatik eta ekarpenagatik ordaindu beharrekoa espainiar estatuak gutxieneko errentagatik ordainduko duena baino gehiago edo gutxiago den. Kontutan izanik estatuan diru sarrera maila Hego Euskal Herrikoa baino apalagoa dela, pentsa dezakegu berton gutxieneko errenta jasoko duen biztanle portzentajea txikiagoa izango dela, eta ondorioz saldoa negatiboa izango dela», ondorioztatu du ELAko kideak.

Lan kargak Lanbiden

Kudeaketarik loturik ere, sindikatuak gogoratu du laguntza hori kudeatuko duten erakundeetako eta bereziki Lanbideko langileen egoera zein den — «langile eskasia eta lan baldintza kaskarrak—, eta orain bi errenta ezberdin baina osagarriak batera kudeatu behar izateak «karga administratiboa handituko» duela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.