Krisiaren aitzakiarekin hitzartutakoa hautsi nahi izateari «onartezina» deritzo ELAk eta, horrexegatik, Bizkaiko Foru Aldundiari lan hitzarmenak zehaztutako soldata igoerak errespetatzeko galdegin zion. Erakunde publikoak %0,3ko igoera proposatu die 2010. urterako, duela bi urteCCOO, UGT eta ELA sindikatuekin sinatutako itunak KPIaren gaineko puntu baten igoera jasotzen duen bitartean.
Lan hitzarmen honek Bizkaiko administrazioko eta erakunde autonomoetako 4.000 langile baino gehiagoren baldintzak ezartzen ditu eta 2011 urtera arte dago indarrean.
ELArentzat, «oso larria» da aurreikusitako igoera «bere kasa» aldatu nahi izatea eta, Aldundiaren jarrera salatzeko, prentsa agerraldia egin zuten atzo Izaskun Garikano Zerbitzu Publikoen federazioko arduradunak eta Juan Carlos Polo Foru Administrazioetako ordezkariak.
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiarekin biltzeko eskaera egingo dutela iragarri zuen Garikanok baina, «akordioa ez betetzeko jarrerari eusten badiote, beharrezkoak diren neurriak hartu eta mobilizazioetara jotzeko prest» daudela ohartarazi zion administrazioko zuzendaritzari.
Aldundiak bere langileekiko dituen konpromisoak bakarrik hausteko prest egotea deitoratu zuten, «enpresaburuei eginiko promesak eta zerga jaitsierak» berrikusten ez dituzten bitartean. Ondasunen gaineko zerga kendu izana ere aipatu zuten.
Aurrezteko proposamenak
Langileen soldatak agindutakoa baino gutxiago igo beharrean, Garikanok bestelako proposamenak egin zizkion atzo aldundiari. Lehenengo eta behin, Bilbaok berak izendatutako «karguen kopurua gehiegizkoa» dela esan zuen: «Urtero 80.000 euro jasotzen dituzten hamabost aholkulari ditu ahaldun nagusiak».
Ildo beretik, ELAkoak Ibarretxeren Eusko Jaurlaritzako kide izandakoak Bizkaiko Foru Aldundian «kokatu» izan dituela salatu zuen. Horrez gain, 2010-2012 urteetarako publizitatean 13,5 milioi euro gastatu nahi izatea kritikatu zion Bilbaori.
ELAk bilera eskatu dio Bilbaori, hitzartutako soldata igoera bete dezan
Bilbaorekin biltzeko eskaera egingo dute, eta mobilizazioetara jotzeko prest daudela ohartarazi diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu