"Kontuan hartuz patronala eroturik" dagoela, esan du ELA sindikatuak hedabideetara igorritako ohar batean, "ELArentzat proportzionala da Gipuzkoako Foru Aldundiak harremanak eteteko hartutako erabakia". Sindikatuak dio Adegik "jarrera antidemokratikoen zantzuak" eman dituela azken astean. Jokabide horren erakusgarri dira Adegiko presidente Pello Gibelaldek egindako adierazpen batzuk, ELAren arabera. Adolfo Muñoz idazkari nagusi duen sindikatuak Gibelaldek egunkari bati egindako adierazpenak gogorarazi ditu: "35 urtez ETA jasan ahal izan badugu, zerga sistema jasateko gauza ere izango gara".
Larraitz Ugarte Gipuzkoako Diputazioko bozeramailea Adegiko ordezkariekin batzartu zen atzo, Donostian, patronalaren egoitzan, eta han bertan esan zien "Madrilgo lobby-en interesen alde" jokatzeari utz diezaiotela. Ugartek esan zuen "langileen bizkar mozkinak handitzeko jarrera" baztertzen ez duen bitartean Adegik diputazioarekin ezin izango duela "harreman normalizaturik izan". Lan erreforma baztertzeko eskatu zien zuzenean Adegiko ordezkariei.
Orain baino lehen esandakoa ekarri du gogora berriro ELAk, patronalari "zilegitasun soziala" kendu behar zaiola. "Orekak galarazteko legeaz baliatzen dira", esan du, Adegik lan erreforma bere osotasunean aplikatzeko asmo argia adierazi duelako. ELAk ez du ahaztu uztailaren 7aren bezperan —euskal itun gehienen baliogabetzearen bezperan— Adegik emandako aholkua. Patronalak esan zien enpresariei "ez negoziatzeko ezer, beste erremediorik geratzen ez den arte".