ELAk dio lan kostuak murrizteak ez duela lehiakortasuna handituko

Eurostaten arabera, Hego Euskal Herrian lan kostua orduko 25 euroz azpikoa da; euroguneko batez bestekoa, berriz, 27,6koaSindikatuak salatu du patronalak kostu altuak aipatzen dituela soldatak jaisteko

Bi langile, Iruñean, Landaben industrialdeko enpresa batean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
2012ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Euskal Herrian lan kostuak «oso altuak» direla diotenei datuak mahai gainean dituela erantzun die ELA sindikatuak. Eurostat estatistika erakundeak plazaratutako txostenak dio euroguneko batez besteko mailatik behera daudela lan kostuak Hego Euskal Herrian, baita Frantziako eta Alemaniako kopuruetatik behera ere. «Kostuak murrizteak ez du lehiakortasuna handituko», ohartarazi du sindikatuak.

Eurostaten datuen arabera, euroguneko hamazazpi herrialdeen batez besteko kostua 27,6 eurokoa da lan egindako ordu bakoitzeko; Europako Batasunekoa, berriz, 23,1 eurokoa. Hego Euskal Herriarekin alderaketa egiteko, INEk emandako datuak baliatu ditu ELAk: 24,7 eurokoa da lan kostua Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 22,9 eurokoa Nafarroan. Batez bestekotik behera egoteaz gain,datuek erakusten dute azken hiru urteetan antzerako joera izan dela euroguneko nahiz Hego Euskal Herriko kostuetan —1,8 euro igo dira, gutxi gorabehera—.

Herrialdeen artean dauden aldeak ere azaleratu ditu Eurostaten txostenak. Norvegia jarri du lan kostu altuenen maila gorenean, orduko 44,2 eurorekin. Zerrendan azkena Bulgaria da, 3,5 euroko kostuarekin. «Nork nahi du langileak halako esplotazio eta miseria egoeran egotea?», galdegin zuten atzo ELAko ordezkariek, patronalei erreferentzia eginez. Kostuak murrizteaz sarri hitz egin du Adegi Gipuzkoako patronalak, irtenbidea izan daitekeelakoan, eta halaxe adierazi zuen joan den astean ere: «Gipuzkoako ekonomiak eta enpresek arazo larri bat daukagu azken hamarurteetan lan kostuak produktibitatearen gainetik igo direlako». Joseba Villarreal ELAko ordezkariak gezurtatu egin du lan kostu altuak izatea krisiaren arrazoietako bat. Haren ustetan, patronalak dioena egia balitzNorvegia krisi «sakon» batean murgilduta legoke, eta ez da horrela.

Lan kostuek ez dute soilik soldata kontuan hartzen, horrekin batera zenbatzen baitira Gizarte Segurantzako kotizazioak, dietak, garraio gastuak, kaleratzeen kalte-ordainak, eta abar. Bereziki soldaten aurka «eraso latza» egitea leporatu diete enpresaburuen elkarteei Villarrealek eta Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak.

Soldatak jaisteko erabiltzen duten argudioetako bat, hain zuzen, lan kostuak altuak direla salatu du sindikatuak. Soldatak jaisten badira, eta, beraz, patronalak «borroka» irabazten badu, langabezia gehiago egongo dela argi du Muñozek. «Edonork daki biztanleria pobretuz eta erosteko ahalmena gutxituz langabeziara bidaltzen dela milaka eta milaka langile», gaineratu du. ELAk salatu du patronalak «aliatu gisa» dituela politikariak eta «beldurra».

Beste lan erreforma bat iragartzen duten ahotsak dagoeneko entzuten direla ohartarazi du sindikatuak. Muñozen ustetan, aurreko erreformak ez dira egin epaileak «oztopo» izateko, «enpresaburuaren erabakia apelaezina» izateko baizik. Hitz horiekin gogoratu du aste honetan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Celsa Atlanticen erregulazio dosierra baliogabetzeko hartu duen erabakia. Enpresak Arabako bi lantegiak itxi eta 358 langileak kaleratu nahi zituen, baina epaileek ondorioztatu dute eskaerak grebarako eta askatasun sindikalerako eskubideak urratu zituela. ELAren arabera, beste lan erreforma bat ezarri nahi dute «epaile batzuek zalantzarik» izan ez dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.