Eusko Jaurlaritzako langileen lan baldintzak arautzen dituen Mahai Orokorreko negoziazioak hasi dituzte sindikatuek eta administrazioak. Negoziazio horietan zein eskaera eramango dituen azaldu du ELAk. Eskaera nagusia da "enplegua suntsitzea helburu izan duen azken urteotako politika errotik aldatzea".
Sindikatuak ohartarazi duenez, lehentasuna du 35 orduko lanaldiari eusteak, 2000ko abenduan hitzartutakoak. Espainiako Gobernuak finkatu duen 37,5 orduko lanaldia ezarriz gero eta hezkuntzan irakasteko orduak eta ikasle ratioak igoz gero 9.000 lanpostu desagertuko direla dio ELAk: 6.000tik gora irakaskuntzan, 2.500 Osakidetzan, 300 administrazio orokorrean, 170 justizian eta 400etik gora sozietate eta enpresa publikoetan. Halaber, eskatu du ELAk enpresa eta sozietate publikoetan azpikontratatuak ez botatzeko.
Soldatei dagokienez, azken bi urte eta erdian galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko eskatu du ELAk. Haren datuen arabera, soldaten izozteak eta aparteko sarien galerak ia %20ko erosteko ahalmena ekarri diete langile publikoei. "Borondate politikoaren kontua da administrazio publikoko langileen erosteko ahalmena berreskuratzeko formulak bilatzea. Horrelako formulak Hego Euskal Herriko beste erakunde eta administrazio batzuek erabili izan dituzte", esan du ELAk.
Mahai orokorrean negoziatu eta hitzartu diren eskubideak, "gero Madrilgo eta Gasteizko gobernuek murrizturikoak", berreskuratzeko exijitu du ELAk. Horien artean legoke aldi baterako ezintasunengatik lana utzi duten langile guztiak ordezkatzea eta erretiroa hartu dutenen ordez langile berriak kontratatzea. Agindu horiek Madrildik etorri dira, baina ELAk uste du horiei desobeditzeko modua badutela euskal erakundeek. "Ez da egia esatea gai horietan ez dagoela jarduteko tarterik; borondate kontu hutsa da, ikusi besterik ez dago nola eskubide horiek aitortu zaizkien Hego Euskal Herriko hainbat erakunde eta administraziotako langileei".
Negoziazioko euskal esparrua errespetatzeko, defentsa kolektiborako akordioak indarrean iraunarazteko, ordu sindikalen akordioa errespetatzeko eta euskara arloan "benetako aurrerapausoak" emateko ere eskatuko du ELAk. "Proposamen horiek baztertuz gero", ohartarazi du ELAk, "dei egingo diegu euskal administrazio publikoko langileei eta oro har gizarteari mobilizaziora, murrizketa politikak geldiaraztearren eta euskal politikariak norabidez aldatzera behartzearren, aurrerantzean zerbitzu publiko unibertsalak eta kalitatezkoak bultza ditzaten eta enplegua eta lan baldintza zein ogibide duinak sor ditzaten".