Negoziazio kolektiboa

ELAk egindako greben kopurua %81 hazi da lehen seihilekoan

Aurten sinatu diren 15 itun sektorialetatik zortzitan ELA sinatzaileen artean zegoela adierazi du Adolfo Muñoz idazkari nagusiak, eta horietan guztietan lan itunaren aurkako neurriak onartu direla.

ELAk negoziazio kolektiboari buruzko balorazioa egiteko deitu duen prentsaurrekoa, gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko uztailaren 19a
07:04
Entzun

“Gatazkek gora egitea seinale ona da”. Argi adierazi du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak, lan gatazkek gora eginda langileek euren baldintzak hobetzen dituztela. “Grebak beharrezkoak dira patronalaren betoari aurre egiteko”. Garrantzia eman die gatazkei, eta hori ere sumatzen da 2018ko lehen seihilekoan sindikatuak bultzatu dituen greba kopuruei begiratuz gero, iaz epe berean baino %81 greba gehiago babestu baitzituen ELAk. 27 egin zituzten iaz, eta 49 aurten. Horrek ere eraginik izan du, Pello Igeregi negoziazio kolektiboko arduradunaren arabera, aurten sinatu diren 15 itun sektorialetatik zortzitan presente egon direlako eurak, “eta horietan guztietan lan erreformaren inaplikazioa sinatu” dela ere nabarmendu du. Zortzi hitzarmen horiez gain, sektore mailako ehundik gora itun ere sinatu ditu sindikatuak.

“Tartea badago aldarrikapenak egin, eta prekaritateari aurre egiteko”, jarraitu du Muñozek. Izan ere, sindikatuak egoera zailenean dauden kolektiboei laguntzeko erabakia hartua duela nabarmendu du, eta gatazka gordinenak gisa horietako sektoreetan izan direla gogoratu du. Baita emakumeen presentzia maila altua den kasuetan ere. Horregatik, ildo horretan jarraitzeko asmoa erakutsi dute ELAtik, eta aurreratu dute udazkenean gatazka gehiago izango direla. Gipuzkoako kale garbiketako sektorean, eta zahar etxeetako langileak antolatzen hasteko lanean daudela ohartarazi du Igeregik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.