Ekonomia

ELAk ekainaren 11tik mugagabeko greba deitu du Gipuzkoako eraikuntzarako

Hitzarmen berria egin nahian dabiltza eta Adegik orain arte izandako jarrera salatu nahi dute. Deialdia beste sindikatuentzat irekia dagoela esan du.

2007ko maiatzaren 21a
15:53
Entzun
ELA sindikatuak gaur jakinarazi duenez, Gipuzkoako eraikuntza arloan ekainaren 11tik greba mugagabea antolatu du, herrialdeko hitzarmen negoziazioan Adegi patronalak izandako jarrera salatzeko.

Xabier Agirretxe ELAren arloko arduradunak esan du deialdia ez dela baztertzailea eta "irekia" dagoela beste sindikatuentzat. ELAk Gipuzkoako eraikuntzan %53 dauka; LABek %21,15, CCOOk %13,58k eta UGTk %12,27.

Patronalaren eta sindikatuen artean otsailaren 16an hasi zituzten negoziazioak, "baina blokeatuta daude", Agirretxek adierazi duenez. Hamahiru aldiz bildu dira eta etzi berriro batzartuko dira.

ELAk emandako datuen arabera, iaz Gipuzkoako eraikuntza enpresen etekinak %24,2 igo ziren, langileen soldatak %5,1, "baina patronalak berearekin segitzen du negoziazioan".

Sindikatuak aitortu du Adegi Gipuzkoako enpresarien elkarteak soldatei buruz negoziatzeko prestutasuna azaldu duela, baina ez dieten egokitzeaz, etxetik 60 kilometrora baino gehiagora lan egin behar duten langileen plus berriaren sorreraz edo lanordu murrizketaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.