ELA sindikatuak gaur goizean ohar baten bidez galdegin du bankuek eta kutxek alderdi politikoei "barkatutako" kredituen berri eman dezaten, eta gardentasunez jokatzeko eskatu die.
Europako Kontseiluak eskatu zuen Greco txostenak kaleratu zituen datuak hartu ditu oinarritzat sindikatuak. Txosten horrek jasotzen zuen bankuek sarri alderdi politikoei emandako maileguak barkatu egiten dituztela eta "ustelkeria" era hori Espainian oso hedatuta dagoela.
"ELAk erabateko gardentasuna eskatzen du horrelako garrantzia duen gai honetan. Auzi hau ezkutuan mantentzen da; harritzekoa bada ere, honetaz inork ez du ezer esaten, ez banketxeek, ez agintariek, ezta Espainiako Bankuak edo Kontuen Auzitegiak ere", salatu du.
ELAren arabera, banketxeei "era guztietako laguntzak" eman dizkiete, eta gobernuek, berriz, murrizketa eta erreforma "latzak" ezarri dituzte, eta, ondorioz, "langabezia eta txirotasuna hedatu" egin dira.
"Bankiarekin gertatu denak adierazten du zenbaterainoko hipokrisiaz eta arduragabekeriaz jokatu den, eta areago, botere ekonomikoak erabateko lotura duela gobernuekin".
Alderdi politikoek bankuei "mesedezko tratua" ere ematen dietela uste du ELAk. "Demokraziak funtzionatzea ezinezkoa da egoera horiek ontzat ematen badira".