ELAk eta LABek auzitara jo dute Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aurka

«Milaka langileren bizia eta osasuna arriskuan jartzeagatik», salaketa bi jarri dituzte EAEko Justizia Auzitegi Nagusian eta Nafarroako Gizarte Gaien Auzitegian.

Sidenorreko langileak protesta batean, jarduera utz dadin. MARISOL RAMIREZ / FOKU
xabier martin
2020ko apirilaren 6a
13:08
Entzun

Bi sindikatuek eskatu dute bi gobernuen «ohar argigarriak» 24 orduko epean eten daitezela, kautela neurri gisa. Horien bidez, enpresek oinarrizkoak ez diren zerbitzuak eskain ditzakete, eta gutxieneko jarduera bati euts diezaiokete. ELA eta LAB sindikatuek uste dute oinarrizko eskubideen babesa urratu dutela Hego Euskal Herriko gobernu biek. Osasuna, bizia eta integritate fisikoari dagokien eskubidea da urratu dena, alegia, sindikatuen arabera. Jaurlaritzako Ekonomia Garapenerako Sailaren eta Nafarroako Gobernuaren aurka jarri dituzte salaketa judizialak.

«Bi gobernuek martxoaren 31n argitaratutako 'ohar argigarrirekin' lantokietara joatera behartuta dauden langileen osasuna eta bizia arriskuan jarri dituzte, oinarrizkoak ez diren jarduerak egiteko», dio sindikatuok igorritako oharrak. «Bi gobernuek muturreraino malgutu dute oinarrizko zerbitzuaren kontzeptua, errege dekretua urratuz (oinarrizkoak ez diren jardueren etena), eta oinarrizkoak ez diren beste industria zerbitzu eta jarduerak eskaintzea bideratuz».

ELAk eta LABek uste dute langileak euren lanpostuan kutsatzeko arriskuan jarri dituztela  eta pertsona horiek beste batzuk kutsatzea ahalbidetu dutela, modu horretan alarma egoeraren printzipio nagusiak hankaz gora utzita». Herritarren osasuna eta segurtasuna bermatu, gaixotasunaren garapenari aurre egin eta osasun sistema publikoa indartu, horiek dira alarma egoeraren printzipioak, sindikatuek gogorarazi dutenez.

Ohar argigarriak baliogabetu

ELA eta LAB sindikatuen salaketak exijitzen du ebatz dadila «Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak EAEko eta Nafarroako industria sektoreko langileen osasuna, bizia eta integritate fisikoaren eskubidea urratu dutela». Gainera, nahi dute gobernuen ohar argigarriak baliogabetu ditzatela, legez, eta zigortu ditzatela bi gobernuak ebazpen horren edukia argitaratzera, «ohar argigarriak argitaratu zituzten hedabide berberen bitartez». Azkenik, sindikatuek eskatu dute salaketan bi ohar argigarriak eten daitezela kautela neurri gisa, 24 orduko epean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.