LAN GATAZKA

ELAk eta LABek bost eguneko grebara deitu dute Lanbiden

Datozen asteotarako egin dute deialdia sindikatu abertzaleek. Lantaldearen baldintzak errespeta ditzala eta "kalitatezko enplegu zerbitzu egonkorra" ziurtatzeko neurriak har ditzala eskatu diote Jaurlaritzari.

ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk protestak egin zituzten apirilean Lanbideren bulegoen aurrean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Oihan Vitoria.
2016ko irailaren 13a
08:49
Entzun

Berriro lehertu da gatazka Lanbiden, hura sortu eta bost urtera. Enplegu zerbitzuaren kudeaketa txarretsi dute sindikatu abertzaleek, eta lanuzteetara joko dute urteotako "bilakaera okerra" salatzeko. ELAk negargarritzat jo du 2011n sortutako zerbitzuaren kudeaketa, eta abisatu du langileak eta herritarrak pairatzen ari direla orain garai hartan hartutako erabakien ondorioak.

Taxuzko arreta ematea eta banakako bitartekaritza bermatzea nekeza dela diote sindikatuek: antolakuntza gabeziak —lantalde erdia lekuz aldatu dute—, langile kopuru urria eta ezegonkortasuna antzeman dute. "Gobernuak, gainera, zerbitzuak kanpoko enpresen esku uzteko joera kezkagarria erakutsi du". Horri aurre egiteko, ELAk eta LABek bost eguneko grebara deitu dituzte Lanbideko langileak. Irailaren 21ean eta 22an, eta urriaren 3an, 4an eta 5ean egingo dituzte geldialdiak.

190 orientatzaile kaleratu eta ordezkatu dituztela salatu du ELAk. "Lanbideren bost urteko ibilbidean lan orientazioa egin duen kolektibo ia osoa". Erabaki horrek berez "larri" zebilen enplegu zerbitzua hankaz gora jar dezakeela ohartarazi du sindikatu abertzaleak, eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera gaitzetsi: "Badakien arren zein den egoera eta galdegin diogun arren zerbitzuaren kalitatea bermatu eta Lanbideri egonkortasun eman diezaiola, ez dugu erantzunik jaso horri buruzko bileretan. Eta langileei aukera bakarra utzi die: mobilizaziora jotzea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.