ELAk eta LABek diote Adegik eskubiderik gabe utzi nahi dituela metaleko langileak

Bi sindikatuek manifestazioa egin dute patronalari metaleko lan hitzarmena negoziatzea eskatzeko

Miren Garate.
Donostia
2010eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Greba egunen aurretik motorrak berotuz joateko, Gipuzkoako metaleko langileek manifestazioa egin zuten atzo Donostian, ELAk eta LABek deituta. Ehunka langilek lan hitzarmena negoziatzen hasteko eskatu zioten Adegiri. Itun berriak aurrez lortutako eskubideak errespetatu behar dituela nabarmendu zuten bi sindikatuek.

«Adegik proposatzen duena da lehiakorrak izateko ezin dugula eskubiderik izan», esan zuen Unai Martinez ELAko metaleko idazkari nagusiak. Haren esanetan, krisiak inolako zerikusirik ez du lan hitzarmenarekin. «1994tik 2008ra bitartean, lan itun honekin berarekin, inoizko irabazirik handienak izan zituzten metaleko Gipuzkoako enpresek». Adegiri egoeraz baliatzea leporatu diote bi sindikatuek.

Patronalaren nahia da orain arteko hitzarmena hautsi eta guztia goitik behera negoziatzea. 23 artikulu bertan behera laga nahi ditu, soldata izoztea eta lanaldia luzatzea dira beste proposamenetako batzuk. «80ko eta 90eko hamarkadetan lortu genituen hitzarmen honen abantaila nagusiak, eta 2010ean horiek defendatzea dagokigu», esan zuten.

Aurrez iragarri bezala, lau egunetan grebak egingo dituzte. Maiatzaren 28an izango da aurrenekoa, eta beste hirurak ekainaren 4an, 10ean eta 11n. Herenegun, erregistratuzuten deialdia Lan Sailean.

Negoziazio mahaian ordezkaritza duten lau sindikatuek elkarrekin egin zituzten protestak hasiera batean. Atzoko manifestazioarekin, ordea, ez zuten bat egin CCOOk eta UGTk. «Lau sindikatuontzat Adegiren proposamena aurrez aurreko erasoa da; beraz, guk uste dugu bat egin behar luketela protestekin. Langileon mesedetan zerbait lortzeko, batasuna garrantzitsua da». ELAren eta LABen iritziz, Adegik ez du «borroka» egitea beste aukerarik uzten.

CCOO, grebarekiko mesfidati

Maiatzaren 21ean batzarra egingo dute CCOOko industria sektoreko delegatuek. Orduan erabakiko dute ELAk eta LABek antolatutako lau grebekin bat egin edo ez. Hala ere, sindikatuak adierazi du aurreko batzarrean argi geratu zela bi sindikatuen estrategiak «mesfidantza» sortzen diela.

CCOOk gogoratu du ez ELAk eta ez LABek ez dituztela sinatu Arabako eta Bizkaiko hitzarmen probintzialak. «Horiei esker, aurten metaleko 95.000 langilek %2tik gorako soldata igoera izan dute», esan du. Horrez gain, ELAri leporatu dio azken hamar urteetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan metaleko hitzarmen probintzial bakar bat ere sinatu ez izana. «ELAk eta LABek beren burua zuritzeko antolatu dute lau eguneko greba, hitzarmen probintzialakbazterrera utzita dituztela ezkutatzeko».

Era berean, CCOOk jakinarazi du negoziazio mahaian parte hartzen asmoa duela aurrerantzean ere. «Patronalari argi eta garbi esango diogu bere proposamenek prekarietate eta gatazka handiagoa sortuko dutela, eta ez dituela konponduko industriaren lehiakortasun arazoak».

UGTk, aldiz, mobilizazioei ekin aurretik «bide guztiak agortu» nahi ditu. Hala, Gipuzkoako Precori eskatu diote metaleko negoziazio mahaira deitzeko. Asteartean izango da bilera. «Hura izango da azken aukera Adegirentzat. Jarrera aldatzen ez badu, gure afiliatuei sendo mobilizatzeko eskatuko diegu». Ia 58.000 langileri eragiten die metaleko lan hitzarmenak, eta Gipuzkoako garrantzitsuena da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.