Azken asteotan harreman handirik ez dute izan sindikatuek eta patronalak Gipuzkoako metaleko lan hitzarmenaren inguruan. Atzo, ordea,negoziazio mahaian bildu ziren Euskadiko CCOOk deituta. Bileraren balorazio ezberdina egin dute sindikatuek. ELA eta LABen arabera, inolako aurrepausorik ez da egon, eta biharko eta etziko grebari eutsi diote. UGTk salatu du enpresaburuek ez dutela inolako proposamen zehatzik egin. Aitzitik, CCOOk oraingoz ez du mobilizazio gehiagorik egingo, Adegirengan «jarrera aldaketa» ikusi duelako.
Lanaldia ez luzatzeko eta soldatak ez izozteko prest agertu da Adegi. «Hurrengo bi greba egunak bertan behera lagarazi nahi izan ditu negoziazioak desblokeatzea nahi duen itxura eginda», esan du ELAk. Soldatetan eta lanaldian hasierako proposamena aldatzeko prest agertu arren, «beste neurri atzerakoi guztiak» mantendu egin dituela salatu du LABek. Haren arabera, proposamenak idatziz aurkezteko eskatu diote patronalari, baina ez du onartu.
Bi sindikatu horiek CCOOren eta UGTren jarrera gaitzetsi dute. Arduragabekeriaz jokatzea leporatu diete, baita patronalari aurre ez egitea ere. «Negoziazioan gauden aldeen jarrera gero eta argiago ari da azaltzen», dio LABek.
CCOOk gogoratu du oraingo lan hitzarmenaren gainean negoziatzeko aukera bazegoela esan zuela patronalak azken bileran.Hori eta atzoko bileran Adegik egindako proposamenak kontuan hartuta, metaleko mahaian negoziatzeko aukera ikusten du sindikatuak, eta bihar eta etzi ez du grebarik egingo. «Hala ere, ez dugu baztertzen etorkizunean egitea baldin eta ez badago aurrerapausorik». CCOOren arabera, maiatzaren 28ko eta joan den ostiraleko grebek lagundu dute «negoziaziorako jokaleku berria» sortzen.
UGTk ez zuen aldaketarik ikusi atzoko bileran. «Azken bileran izandako aurrerapauso berberak egon dira», esan du. Hala, CCOOri leporatu dio langileak «beharrezkoak ez ziren bi grebatara» eramatea.
ELAk eta LABek grebari eutsi diote metalean, aurrerapausorik ez dutelako ikusi
CCOOk ez du grebarik egingo, Adegi prest agertu delako lanaldia ez luzatzeko eta soldatak ez izozteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu