2011ko abenduaren 31ko datuek erakusten dutenez, ELA eta LAB sindikatu abertzaleek Hego Euskal Herrian gehiengo osoa izaten segitzen dute, %51,40ko indarrarekin, gaur arratsaldean LABek jakinarazi duenez. 2010 bukaeran bi sindikatuen artean %51,05 zeukaten. Ondorioz, %0,35 egin dute gora.
Aldiz, CCOOk eta UGTk behera egin zuten joan den urtean: -%0,78. 2010eko bukaeran %38,76ko babesa zuten Araban, Bizkaian, Nafarroan eta Gipuzkoan, eta iazko urte amaieran, %37,98koa.
Lau sindikatuen artean LAB da botoen batez bestekoetan igo den bakarra, oharrak dakarrenez: +%0,86. ELA %0,51 jaitsi zen; CCOO, %0,04, eta UGT, %0,74. Ordezkari aldetik, berriz, LABek eta CCOOk hazkundea izan dute (245 eta 18, hurrenez hurren), eta ELAk eta UGTk galdu egin dituzte (36 eta 183).
Hego Euskal Herrian ELA da, lehen bezala, lehen sindikatua, %35,20rekin (9.242 ordezkari). Bigarren, CCOO (%21,31, 5.595 ordezkari). Hirugarren, UGT (%16,67, 4.367 ordezkari). Laugarren, LAB (%16,20, 4.254).
Herrialdeka ELA da lehen indarra Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta UGT Nafarroan.
"Oso esanguratsua da LABek izan duen bilakaera", esan du sindikatu horrek, ohar batean. Hegoaldean sekula baino ordezkaritza mailarik handiena daukala azpimarratu du. "Emaitza hauek ikusita, argi dago LAB indartzen ari dela egunez egun. Gero eta gehiago gara konfrontaziozko sindikalismo abertzalearen alde egiten dugun langileak".