Gustura ELA, eta gustura baita LAB ere. Lehena, Hego Euskal Herrian bere lidergoa finkatu duelako (%35,08), eta bigarrena, 2010 eta 2014. urteen artean ordezkaritza mailan gora egin duen sindikatu bakarra delako (%1,83ko igoera). Pilatutako hauteskunde sindikalen garaia irailean hasi zen, eta abendura bitartean 5.959 ordezkari aukeratu dira Hegoaldean. Denera 2.194 delegatu gutxiago aukeratu dira, “krisiaren eraginez”, Txema Laiseka ELAko hauteskunde sindikalen arduradunaren arabera. Eta, hala ere, datuak onak izan direla esan du: “EAEn aukeratu diren ordezkarien %47,55 ELAkoak izan ziren, eta Nafarroan %27,52”. Emaitza horiekin, sindikatu nagusi izango da aurrerantzean ere, joan den urtetik %0,05eko igoerarekin. Eta gustura Adolfo Muñoz idazkari nagusia: “ELAren eredu sindikala aldatu behar izateko hauteskundeetan bost puntu galdu beharko lituzkeela esan zuen Confebaskek duela hamar hilabete. Eta kontrakoa gertatu da, sendotu egin garelako, euren nahiaren kontra”.
Eta ez hori bakarrik, LABekin indarrak batuz gero Araba, Bizkai eta Gipuzkoan inoiz lortu duten ordezkaritza handiena lortuko luketela adierazi baitu sindikatuak. %58,21eko pisua izango lukete biek, eta CCOO eta UGTren ordezkaritzaren batura %30,91ra mugatuko litzateke. “Hauteskunde prozesuetan izandako inoizko alderik handiena da”. Nafarroan ere, gora egin du bi sindikatuen arteko baturak. 2014ko abenduaren 31ko datuen arabera, %35,25 lortuko lukete, urtebete lehenago baino %1,10 gehiago. Lurralde horretan CCOO eta UGTren gehiengoa %52,33koa izango zen, 2013. urtearekin alderatuta %1,69 txikiagoa.
Datuak eskuan, irakurketa azkar bat egin du Muñozek: “Emaitza hauekin elkarrizketa sozialari zilegitasuna ematen diotenek galdu dute”. Eta urrunago joan da, esan baitu emaitza horiek sindikatuaren autonomia “indartu” besterik ez dutela egiten. “Sindikatuak afiliazioaren bidez sostengatzen dira, edo bestela botere ekonomikoak erosten ditu”, esan du CCOO eta UGTri erreferentzia eginez.