Lan gatazkak

ELAk eta LABek lanuztera deitu ditu EAEko udal eta foru administrazioko langileak

30.000 langile daude deituta otsailaren 28an lau orduko lanuztea egitera.

Gaurko prentsaurrekoa. @LABSINDIKATUA
Jon Fernandez.
2018ko urtarrilaren 31
16:01
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 251 udaletako eta hiru foru aldundietako 30.000 inguru langile daude deituta lanuzteak egitera. ELA eta LAB sindikatuak dira deitzaileak, eta otsailaren 28an jarri dute horretarako eguna. Hain zuzen ere, lau orduko lanuztea egingo dute: goizeko txandan, 11:00etatik 15:00etara; arratsaldekoan, berriz, 15:00etatik 19:00etara.

Hiru arrazoi nagusi aipatu dituzte lanuztera deitzeko: zerbitzu publikoak garatzea, behin-behinekotasun tasa %36tik %6ra jaistea, eta negoziazio kolektiboaren eskubidea berreskuratzea.

Aldarrikapen nagusiak

"Zerbitzu publikoak garatu nahi ditugu. Ematen ditugun zerbitzu publikoak defendatu eta garatu, pribatizazioak geldituz", azaldu du Ekaitz Oianguren ELAko tokiko eta foru administrazioko arduradunak. "Pribatizaturiko zerbitzuetan langileen lan baldintzak duindu eta klausula sozialak landu nahi ditugu", gaineratu du.

Era berean, Jokin Zubiate LABeko tokiko eta foru administrazioko arduradunak enplegu publikoaren aldeko aldarrikapena azpimarratu du. "Suntsitutako enplegua berreskuratzea eskatzen dugu, eta behin-behinekotasun tasa %36tik %6ra jaistea, akordioak betez". Halaber, lanpostuak egonkortzea eta sortzea proposatu dute, eta langile batzordeen gehiengoarekin adostutako lan eskaintza publikoak deitzea.

Bestetik, negoziazio kolektiboaren eskubidea berreskuratzeko eskatu diote instituzio publikoen ordezkariei bi sindikatuek, "galdutako eskubideak eta eros ahalmena berreskuratzea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.