Banca Civicaren sorrera Nafarroan enpleguari eta zerga bilketari kalte egingo diola ziurtatu du ELAk eta LABek. Bi sindikatu horiek gogor salatu dute CAN Nafarroako Kutxak beste batzuekin elkartu izana, aurrezki kutxaren «deslokalizazioa eta pribatizazioa» ekarriko duela uste baitute.
Banca Civicako zuzendaritzako eta enpresa batzordeko ordezkariak atzo arratsean ziren biltzekoak erakunde berriaren sorrerak ekarriko dituen aldez aurreko erretiroak zehazteko. Zuzendaritzak aurtengo abenduaren 31erako 55 urte izango dituzten 1.100langileri eman nahi die erretiroa.
Nafarroako Kutxaren kasuan, Iñaki Arrizibita LABeko ordezkariak argitu zuen atzo zuzendaritzak 160 langileri aurre-erretiroa ezarri nahi diela. ELAko Lorenzo Madinabeitiarekin batera emandako prentsaurrean, Arrizibitak gaitzetsi egin du operazio horretarako enplegua erregulatzeko espedientea aurkeztea, horrek diru publikoa erabiltzea ekarriko duelako. «Gizarte laguntzak gutxitzen ari den honetan diru publikoa bideratuko dute kutxei enplegua ezabatzen laguntzeko, nahiz eta horiek dirua irabazten duten». Bi sindikatu abertzaleen arabera, lan taldea berritzeko bidea ez da inor kalean uztea, aldez aurretik erretiroa hartu behar dutenak ordezkapen kontratu baten bidez ordezkatzea baizik.
Oro har, Banca Civicaren sorrerak Nafarroan enplegua galtzea eragingo duela uste dute ELAk eta LABek, erakunde berriaren egoitza Madrilen jarriko delako, eta han bilduko direlako Banca Civica osatuko duten lau aurrezki kutxen —CAN, Cajasol, Caja de Burgos eta CajaCanarias— negozio bateratuak.
Lanpostuak ez ezik, Nafarroak erabakitzeko ahalmena eta dirua galduko duela uste dute. «Negozioaren zati bat eta erabakiak hartzeko gaitasuna Iruñetik Madrilera joango da, eta Cajasol ere sartu denez, baita Sevillara ere». Horrek, Arrizibitaren hitzetan, Nafarroako Ogasunari kalte egingo dio, zerga gutxiago bilduko dituela. Banca Civicak zergak non pagatuko dituen argitzeko eskatu du LABeko ordezkariak.
Bi sindikatuek elkarretaratzera deitu dute datorren astelehenerako CANen egoitza nagusiaren aurrean. «Deslokalizazioa» ez ezik, kutxaren pribatizazioa eta «kutxaren orain arteko ereduaren amaiera» ere salatuko dute.
Bat-egitea, airean
Banca Civica banku bat izango da, eta asmoa da etorkizun hurbilean kapitalaren %40 burtsan saltzea. Jose Antonio Asiain CANeko presidenteak ziurtatu du inbertsio pribatuak ez duela kutxaren eredua aldatuko, eta kapitala lortzeko modu bat baizik ez dela.
Banca Civicaren sorrera artean airean dago. CANeko kontseiluak astelehenean eman zion baiezkoa Cajasolen sarrerari, baina Caja de Burgosek artean ez du egin. Cajasolek berak datorren astelehenerako deitu du bat-egitea erabaki behar duen batzarra. Urtea amaitu aurreko egin ezean, Espainiako Bankuak ez die FROBeko dirurik emango.
ELAk eta LABek salatu dute CANek Nafarroan enplegua kenduko duela
Banca Civicaren egoitza Madrilen izanda, Nafarroak lanpostuak eta zergen bidezko dirua galduko duela ohartarazi duteCANek 160 langileri aldez aurretiko erretiroa emateko asmoa dauka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu