Zestoako Arroa Beheko auzoan (Gipuzkoa) Azkola galdategian gaur izan den lan istripuan kea arnasteagatik artatutako hamarrek senda-agiria jaso dute. Erredurak jasan dituztenek, ordea, ospitalean jarraitzen dute, eta hiruretatik bik zauri larriak dituzte.
Osakidetzak jakinarazi duenez, erredurak jasan dituztenetako bi Gurutzetan daude. 56 urteko F.A.G.-k aurpegian eta buruko azalean erredura larriak ditu, bigarren mailakoak. Gurutzetan dago 43 urteko beste langile bat ere, E.A.B., eta Erredura Handien Unitatean sartzear ziren. Horrek ere bigarren mailako erredurak ditu, aurpegian, ilean eta hanketan.
Donostiako Ospitalean 53 urteko beste langile bat dago, A.B.A. Horrek hanketan eta besoetan jasan ditu erredurak.
Hamahiru zauritu guztira
Sutea 09:10 aldera piztu da, eta guztira hamahiru lagun artatu dituzte. Erredurak jasan dituztenez gain, beste hamar kea arnasteagatik artatu dituzte, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Suhiltzaileek itzali dute sutea, eta langileak aterarazi dituzte.
Mendaro, Zumaia, Donostia eta Gurutzetako erietxeetara eraman dituzte zaurituak.
ELAk eta LABek gaur bertan eskatu dute gertatutakoa ikertzeko. LABek esan du enpresa ez dela gardentasunez ari. Osalaneko teknikari batzuk Azkola lantegian dira istripua nola gertatu den ikertzean. ELAk lan segurtasunari buruzko araudia betetzeko eskatu du.