BBK-k Santurtziko Kabiezes haurreskolako bi langileri espedientea ireki diola jakinarazi du ELAk, haren esanetan, «maiatzaren 21eko greba egunean parte hartzeagatik». Hala, sindikatuak «itxurazko» jokabidea ez izatea, eta «greba eskubidearen kontra» egitea egotzi dio finantza erakundeari.
Sindikatuek greba deialdia egin ondoren, Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak finkatu zituen. Maiatzaren 18an ezagutarazi zituen zeintzuk izango ziren, eta, beste grebetan ez bezala, haurreskoletan ere gutxienez lan taldearen %25ak lan egin behar zuela erabaki zuen. Sindikatuak, hain zuzen, helegitea jarri zuen, «gehiegikeria» zelakoan.
ELAren arabera, bi langileek horren aurretik esana zioten BBK-ko zuzendaritzari greba egin nahi zutela, baina horrek bere kabuz izendatu zituen gutxieneko zerbitzuetan lan egingo zutenak, haiei entzun gabe.
Sindikatuak arrazoitu duenez, gutxieneko zerbitzuetan ahal dela, greba egiteko asmorik ez dutenak jarri behar dira, maiatzaren 18ko aginduak hori zehazten duelako. Zuzendaritzaren esku dago lan egingo dutenak erabakitzea, baina «betiere langileen ordezkariei nahita ez entzun ondoren», esan du. Bi langile horietako bat sindikatu horretako ordezkaria da.
ELAk dioenez, BBKren zuzendaritzak «diziplinarik eta esanekotasunik eza» leporatu die langileei, eta baita Gizarte Ekintzaren Hitzarmen Kolektiboaren 67. artikulua haustea ere. Hala ere, grebaren egunean bertan langileak han izan zirela adierazi du sindikatuak, eta lan taldearen %25 behintzat lanean zegoela ikusi on doren, Giza Baliabideetako zuzendaritzari greba egingo zutela jakinarazi ziela.
ELAk greba eskubidearen kontra egitea egotzi dio BBKri
Haurreskoletako bi langileri espedientea ireki die aurrezki kutxak, sindikatuaren arabera, greba egiteagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu