Ekonomia

ELAk "ikuspegi sindikala eta ikuspegi politikoa" dituela erantzun dio Muñozek Rementeriari

Bizkaiko ahaldun nagusiak alderdi politiko bihurtu eta hauteskundeetara aurkezteko aholkatu zien.

Adolfo Muñoz, ELAko idazkari nagusia. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Irune Lasa.
2016ko azaroaren 8a
16:22
Entzun

Sindikatu izaten jarraitu nahi du ELAk, "ikuspegi soziala, sindikala eta politikoa" izan arren. Adolfo Muñoz Txiki sindikatuko idazkari nagusiak horrela erantzun dio gaur Unai Rementeriari Onda Vasca irratian.

Bizkaiko ahaldun nagusiak atzo alderdi politiko bihurtzeko iradoki zion sindikatuari: «Haren (ELAren) arduradun nagusia entzuten dudan bakoitzean hitz egiten gobernu neoliberalei buruz, gizarte babesari buruz, zerga politikaz, autodeterminazioari buruz edo abiadura handiko trenari buruz, neure buruari galdetzen diot ez ote lukeen alderdi politiko bat sortu behar eta hauteskunde batzuetara aurkeztu».

Muñozek erantzun dio patronalak ahotan izaten dituen gai berberei buruz hitz egiten duela ELAk, hala nola abiadura handiko trena, fiskalitatea eta gastu soziala. Eta horretarako ikuspegi sindikala erabiltzen duela, ikuspegi politikoarekin batera, "1911tik garelako sindikatu abertzalea".

EAJren eta Jaurlaritzaren "politika neoliberalak" ere kritikatu ditu Muñozek, haiek patronalarekin adostu dutelako negoziazio kolektiboa sindikatuen gutxiengoarekin hitzartzea, aintzat hartu gabe ELAk ordezkaritzaren %40 duela euskal langileen artean.

Ezkerra ere izan da ELAko idazkari nagusiaren hizpide: "Ezkerrak uko egiten badio gizartean pedagogia egiteari, galduta dago. Ezkerrak uste badu instituzioetan lortuko duela aldaketa dialektikarik izan gabe mugimendu sozialekin eta sindikatuekin, galduta dago".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.