ELAk «irtenbide feminista bat» proposatu du, 2008koa berriro gerta ez dadin

Babes sistema publikoa indartzea ezinbestekotzat jo du, eta neurri zehatzak aurrera eramateko, berriz, zerga sistema aldatu behar dela azpimarratu du.

Gipuzkoako zahar etxeetak langileen protesta bat. JUAN CARLOS RUIZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko uztailaren 16a
12:42
Entzun

ELAk azpimarratu salatu duenez, COVID-19ak eragindako krisi ekonomikotik ateratzeko planteatzen ari diren neurriek «2008an jarraitu zen ibilbide neoliberalaren eredu berari» erantzuten diote. «Eta badakigu zer ondorio izango dituen egungo errezeta berberak aplikatzeak: pobrezia eta prekaritatea gero eta feminizatuagoak izango dira, genero rolak indartuko dira, eta indarkeria matxista, LGTBIfobikoa eta arrazista ere bai; eta denboraren, lanaren eta aberastasunaren banaketa bidegabeagoa egingo da»

Horiek hala, sindikatu abertzalearentzat ezinbestekoa da eredu ekonomiko feminista eta ekologista baterantz bidea egitea, «bizitzak, zaintzak eta ingurumena erdigunean jartzeko eta ikuspegi produktibista, merkantilizatua eta espekulatiboa alde batera uzteko».

Besteak beste, honako neurri hauek proposatu ditu:

•1.200 euroko gutxieneko soldata, eta pentsioak hileko 1.080 euroraino osatu. ABEEan daudenen soldatak %100eraino osatu.

•Gizon eta emakumeen arteko soldata arrakalak ezabatzea.

•Alokairuaren prezioa mugatu.

•Mendekotasun egoera guztiak sistema publiko, unibertsal, doako eta kalitatezko baten estaldura izatea, eta 10.000 lanpostu sortzea.

•Etxeko langileen eskubideak parekatu gainerako langileek dituztenekin.

•Lanaldia gutxienez 35 ordura murriztea.

•Kontziliazio eskubiderako lege neurriak areagotzea.

•0- 3 urte arteko hezkuntza doan izatea.

Neurri horiek jaso ditu ELAk, Krisiaren irtenbidea feminista izango da! izenburu duen agirian. Gaur eman du horren berri, komunikabideetara bidali duen ohar batean. Sindikatuak dioenez, dokumentuaren helburua da neurri zehatzak planteatzea pertsona guztien behar materialak asetzeko, zaintza lanak gizartean eta ekonomian aintzat hartzeko, eta zaintza sistema publiko eta unibertsala ezartzeko.

Horretarako, uste du beharrezkoa dela erreforma fiskal bat egitea, erakunde publikoen diru sarrerak bermatu ahal izateko. ELAk eskatu du aberastasun handien eta ondare aberastasunaren gaineko zerga pixkanaka handitzeko, %1 eta % 10 arteko errekargu espezifiko baten bidez, eta sozietateen gaineko zergaren aitorpenean %20ko errekargu berezi baten bidez, besteak beste.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.