Derioko Eaton konpainiaren fabrikako langileek 62 eguneko greba egin dute, harik eta ELA sindikatuak beharginek jasoko dituzten kalte ordainak adostu dituen arte. Fabrika itxi egingo du multinazionalak, martxoan iragarri bezala. Itxiera hori epaitegietara eraman zuen ELAk, eta esparru horretan egin dute akordioa langileen ordezkaritzak eta zuzendaritzak, beharginek jasoko dutena zehazteko.
Akordio horri esker, 38 langileetatik 25ek aldez aurretiko erretiroa hartuko dute: 55 urtetik gorako adina dutenek, hain zuzen. 63 urte bete arte, beren soldaten %85 eta %90 arteko kopuruak jasoko dituzte. Horrez gain, beste hiru langileri lanpostu berria emango zaie beste lantoki batean, eta beste hamar beharginek urteko 45 eguneko kalte ordainak jasoko dituzte kaleratzeagatik. Gehienezko ordaina 45 soldata izango dira, hau da, 15.000 euro.
ELA sindikatuak esan du akordio gazi-gozoa dela: «Gozoen artean sartu behar dira erresistentzia kutxa, zerbitzu juridiko-teknikoak, eta, beste ezeren aurretik, langileen antolakuntza eta borroka eredugarria. Gazia da itxiera ezin izan dela galarazi». ELAk salatu du euskal erakundeek abandonatu egin dituztela Eatoneko langileak: «Guk industria politikaz hitz egin dugun bitartean, erakundeek bizkarra eman diete langileei». 2016an ere, Eatonek itxiera egiteko beste saio bat egin zuen. Orduan, jarduerak aurrera egitea lortu zuten langileek.