Eusko Jaurlaritzak sektore publikorako iragarritako murrizketa neurriak erretiratu ezean langileak mobilizazioetara deituko zituztela aurreratu zuten ELA, LAB eta EILAS sindikatuek. Eta halaxe egin dute. Atzo hiru sindikatuetako ordezkariek jakinarazi zutenez, datozen asteetan batzarrak eta elkarretaratzeak egingo dituzte lantokietan; urtarrilaren 26an manifestazioa egingo dute Bilbon, Donostian eta Gasteizen; eta otsailaren 9an, lau orduko lanuztea eta manifestazioa hiru hiriburuetan. Gainera, garbi utzi zuten Jaurlaritzak aurrez murrizketa neurri guztiak bertan behera uzten ez baditu ez dutela parte hartuko abenduaren 15eko funtzio publikoko negoziazio mahaiaren bileran. Hamar langile publikotik zortzi ordezkatzen dituzte hiru sindikatuek.
Bilbon egindako agerraldian, Jaurlaritzaren jarrera erabat gaitzetsi zuten Igor Eizagirre ELAko sektore publikoko arduradunak, Arantxa Sarasola LABekoak eta Iñaki Izagirre EILASeko irakaskuntza publikoko arduradunak. «Bide bakarra murrizketak egitea dela dio, ez dagoela beste erremediorik, eta sindikatuoi xantaia egiten digu, murrizketak onartu ezean bitarteko funtzionarioak kaleratuko dituela esanda». Eizagirreren esanetan, baina, ez dutexantaia hori onartuko, «aurre egingo diogu, zerbitzu publikoen kalitatea ziurtatzeko».
Jaurlaritzaren arabera, murrizketa neurri horiek indarrean jartzea da sektore publikoko lanpostuei eusteko modu bakarra. Hiru sindikatuek, ordea, ez dute uste horretarako balioko dutenik, kontrakoa baizik, «enplegua galaraziko dute, errelebo kontratua eta erretiro aurreratua berrikusi nahi dituelako». Gainera, «funtzionarioen ustezko lan pribilegioez baliatuta», Jaurlaritzak sektore publikoko eta pribatuko langileak aurrez aurre jarri nahi dituela salatu zuten sindikatuek. Haien esanetan, ordea, «langile publikoenak ez dira pribilegioak, legeetan eta lan itunetan jasotako eskubideak baizik».
Sindikatuen irudiko, krisi garaian zerbitzu publikoak indartzeko erabakiak hartu beharko lituzke Administrazioak, inoiz baino jende gehiagok duelako zerbitzu horien beharra. Haien esanetan, ordea, aurreikusi baino gutxiago inbertituko du hezkuntzan, osasunean eta zerbitzu publikoetan: %0,5, %0,9 eta %1,7 gutxiago, hurrunezhurren.
ELAk, LABek eta EILASek lau orduko lanuztera deitu dute sektore publikoan
Urtarrilaren 26an, manifestazioa egingo dute hiru hiriburuetan, eta otsailaren 9an, greba eta manifestazioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu