Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 30 milioi euroko isuna ez dute jaso opor fiskalak emateagatik, "baizik Europako aginduak ez betetzeagatik". ELAk azaldu du 2.500 egunean atzeratu zutela ogasunek epaia betetzeko obligazioa, "Europako agintariei gezurra esanda, dirua berreskuratuta zegoela esanda".
Sindikatuaren arabera, Conbebaskek eskatuta erabaki zuten ogasunen aginduak ez betetzea. "Bi aldeen artean hitzartu zuten". Hala, uste du hori egitea erabaki zutenek "beren gain" hartu behar luketela gertatu denaren "ardura politikoa". ELAk txosten bat bidali dio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari, eta gaia ikertzeko eskatu dio. "Ez dugu berriro kolektiboki ordaindu behar pertsona gutxi batzuen jokabide maltzurra. Ezin da onartu diru publikoz ordaintzea 30 milioiko isuna gehi kostu judizialak".
Sozietate zergan errekargu bat jartzea proposatu du ELAk, "baina ogasunek ez dute aintzat hartu". Ondorioz, uste du azkenean "betikoek" ordainduko dutela isuna, "batik bat langileek".