«Agian enpresa batzuei duintasunez hiltzen lagundu behar zaie». Pello Gonzalez Gipuzkoako Ogasun diputatuak esan zuen, aurreko astean, batzar nagusietan Porcelanas Bidasoari buruz egindako agerraldian. ELAk erantzun egin dio. «Ez dugu nahi inork duintasunez hiltzen laguntzerik. Porcelanasek badauka etorkizuna eta merkatua», azaldu du Joseba Villarreal sindikatuko negoziazio kolektiborako arduradunak.
Agerraldian, gero hori zalantzan jarri zuen Gonzalezek. Bideragarritasun plan bat eskatu zion enpresari, eta horren faltan Diputazioak ez diola lagunduko adierazi zuen. ELAren arabera, ordea, bideragarritasun plana existitzen da dagoeneko. Hain zuzen, 2006koa da, enpresak lursailak birkalifikatzeko baimena eskuratzeko aurkeztu zuen bera. Hala, enpresa «hiltzen uztea» leporatu dio diputazioari, baita «eliteei lagundu eta langileen interesak alde batera uztea» ere.
Hiru urte atzera egin behar da baxera enpresaren afera ulertzeko. Porrot egin ostean, enpresaren lursailak birkalifikatzeko akordio bat egin zuen Irungo Udalarekin. Horrela, Gizarte Segurantzarekin eta Gipuzkoako Ogasunarekin zeuzkan zorrak kita tzea eta Arasoko industrialdean beste lantegi bat egitea zen asmoa. Lanpostuei eusteko konpromisoa ere hartu zen. Hori guztia bermatzeko, bideragarritasun plana aurkeztu zuen enpresak.
Aurtengo maiatzerako ziren amaitzekoak lantegi berria, baina hiru urte beranduago egoera guztiz bestelakoa da. Ehundik gorako lantalde hura, 47 langilek osatzen dute, eta haiek ere kaleratu eta enpresa ixteko espedientea aurkeztu du zuzendaritzak.
Etxegintzaren krisia jo du egoeraren erruduntzat. Hasierako akordioaren arabera, Elizatxo promotorak 44 milioi euro ordaindu behar zizkion lursailengatik.Enpresak, ordea, krisiaren eraginez kopuru hori murriztu egin dela dio. 30 milioi bakarrik jasoko dituela azaldu du, eta beraz enpresa berria egiteko dirurik ez dagoela. ELAren arabera, ordea, hori ez da egia, eta ez dago espedientea onartzeko arrazoirik. «Irungo Udalarekin egon gara, eta esan digu ez dela egon inongo aldaketarik hasierako akordioan».
Oraintxe bertan lan karga handirik eduki ez arren, ELAren iritziz enpresa bideragarria da. Egoera konpontzeko hainbat proposamen egin ditu. Alde batetik, beharrezkotzat jo du bideragarritasun plana gaur egungo egoerara egokitzea. Horretarako bilera bat eskatu du. «Diputazioak, udalak, Gizarte Segurantzak, Elizatxo promotoreak, enpresak eta sindikatuok eseri eta erabaki egin behar dugu nola aplikatuko den hitzarmena». Kudeatzaileak aldatzea ere nahi du sindikatuak. Azkenik, lantoki berria egitea ezinbestekoa dela adierazi du.
ELAk Porcelanas Bidasoa «hiltzen uztea» egotzi dio Gipuzkoako Diputazioari
2006an aurkeztutako bideragarritasun plana gaur egungo egoerara egokitu behar dela azaldu du sindikatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu