ELAk salatu du arriskua dagoela erretiro adina 69 urtera atzeratzeko

Emakume gehienek 67 urterekin hartuko dute erretiroa, gutxi iristen direlako 35 urtez edo gehiago kotizatzera

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Orain arte, 35 urtez kotizatu ondoren, 65 urte bete baino lehen erretiratzeko aukera zegoen. Aurrerantzean, aldiz, 65 urterekin erretiratu ahal izateko, 38,5 urtez kotizatu beharko da. Egungo datuak aztertuz gero, langile gehienak 67 urterekin erretiratuko direla uste du ELAk. Izan ere, gaur egun langileen erdiek ez dute kotizatu erreformak erretiroa hartzeko eskatzen dituen 38,5 urteak. Egoera horretan, gainera, emakumeak ageri dira okerren. 35 urte edo gehiago kotizatu duten emakumeak %24,51 bakarrik direla azpimarratu du ELAk. Horregatik, emakume gehienek erretiroa 67 urterekin hartu beharko dutela azaldu zuen.

Pentsioen erreformak berekin dakartzan neurrien inguruko hausnarketa plazaratu zuen atzo ELAk prentsaurreko batean. Txostenean ohartarazten duenaren arabera, etorkizunean erretiro adina 69 urtera atzeratzeko arriskua dago, iraunkortasun faktorea dela eta. 2027tik aurrera, bizi-itxaropena luzatuz doan heinean, erretiroa hartzeko adina automatikoki aldatuko dela azaldu zuen, 2060an 69 urtera iristeko arriskuarekin, ELAren ustez.

Erreformak eragingo duen gastu murrizketa, bestalde, itzela izango dela nabarmendu zuten ELAko ordezkariek. «Espainiako Gobernuak egindako aurreikuspenaren arabera, 2050erako barne produktu gordinaren %3,5 aurreztuko da, iazko datuekin alderatuz gero; 37.000 milioi euro hain zuzen ere», Janire Landaluze ELAko ordezkariaren arabera. Aurrezpen hori pentsioetan egiten den gastuaren ia %40 litzateke.

Hala eta guztiz ere, «aldaketa txiki batzuekin, CCOOk eta UGTk sinatu egin dituzte gobernuak iragarritako erreformak», Mikel Novalen hitzetan. Argi utzi nahi izan zuten pentsioen erreformak herritar gehienak aurka dauzkala: %70, hain zuzen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.