Pentsioak

ELAk salatu du Espainiako Gobernuak pentsioen erreformak “biztanleria txirotuko” lukeela

Pentsioen kalkulua iraunkortasun faktorearen arabera egitea erosteko ahalmena galtzeko balioko duela esan du sindikatuak.

Lander Muñagorri Garmendia.
2013ko apirilaren 30a
15:21
Entzun

Espainiako Gobernuak “pentsio sistema publikoari egingo dion erasorako agertokia prestatzen” ari dela salatu du ELAk gaur goizean. Oraindik proposamen zehatzik egin gabe badago ere, erreformaren ondoren pentsioen kalkulua iraukortasun faktorearen arabera egingo da. Hau da, irizpide batzuen arabera, pentsioen ezaugarri batzuk era automatikoan aldatzea eragiten duen kalkulua izango da. Esaterako, erretiratzeko adina edo ordainak kalkulatzeko bizi-itxaropenaren garapena aintzat hartuko da. Proposamen hori egiteko, Rajoyren gobernuak adituen batzorde bat sortu du, “pentsiodunen erosteko ahalmena gutxitzea” helburu izango duena Mikel Noval arlo sozialeko arduradunaren esanetan.

Espainiako Gobernuak Toledoko itunaaren batzorde parlamentariora agiria bidali zuen. Eta adituen txostenari zain egon beharrik gabe, sindikatuak dio gobernuaren asmoen berri ikus daitekeela. Pentsioetan murrizketa handiak aurreikusten ditu ELAk, pentsioa kalkulatzeko gero eta kotizazio urte gehiago kontuan hartuz, eta pentsio osoa jaso ahal izateko kotizatu beharreko urte kopurua handituz. Azken neurri horrek ondorio gisa dakar erretiroa hartu ahal izateko urte gehiagoz egin beharko dela lan, “honez gero erabakita dagoen 67 urtetik harago”. Eta azkenik, pentsioak KPI adina hazi behar izatea “saihestu” nahi duela salatu du sindikatuak.

Horren guztiaren ondorioz, biztanleriaren “txirotze orokorrerako” bidean urrats bat gehiago emango dela uste du Novalek. Horregatik, aberastasunaren banaketari buruzko eztabaida eskatu du sindikatuak, eta horretarako mobilizatzeko bideari eusteko jarrera erakutsi.

Era berean, Adolfo Muñoz idazkari orokorrak CCOOren jarrera gaitzetsi du. Izan ere, iraunkortsun faktorea aztertzeko adituen mahaiean sindikatu horretako kide bat eseri da bertan. “Jakitun dira, gobernuren batek adituen mahai bat osatzen duenean eurei arrazoia emateko izaten dela”. Eta horregatik, babes hori eskaini izana salatu du. “CCOO eta UGTri deia egin genien greba orokorrarekin bat egiteko, baina argazki batek mila hitzek baino gehiago balio du”, adituen mahaian sindikalista horietako bat eseri delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.