«Lehendabizi, osasuna; ondoren, beste guztia». Eusko Jaurlaritza prebentzio neurriak betetzen ez dituzten lantegiak irekitzera behartzen ari dela salatu du ELA sindikatuak, eta ohartarazi du bide penalerako joko duela «enpresen eta Lan Sailaren jarreraren ondorioz» langileren bat edo langileen senideak gaixotzen badira.
Tubacex eta Sidenor altzairutegietan gertatutakoaren harira dator ELAren adierazpena. Bi enpresa horietako langileen ordezkariek lantegiak ixtea eskatu zuten, egiaztatu zutelako zuzendaritzek ez zutela prebentzio neurrik ezarri langileak koronabirusetik babesteko. Lan Sailak, ordea, ezezkoa eman dio eskariari.
«Lan sailak Tubacex eta Sidenor irekitzera behartu du, lan ikuskaritzaren txostenik eskatu gabe, langileen ordezkariei galdetu gabe, eta lantegietara bisitarik egin gabe», gaitzetsi du ELAk. Sindikatuak, era berean, adierazi du beste enpresa batzuetan negoziazioa posible izan dela eta ekoizpena prebentzio neurrien beharretara moldatu dela, baina Sidenorren eta Tubacexen, aldiz, zuzendaritzak mehatxu egin diela langileen ordezkariei.
ELAk esan du enpresa horietan lanean jarraituko duela langilerik lanean kutsatu ez dadin. Era berean, ELAk «oso argi du enpresen eta Lan Sailaren jarreraren ondorioz langileren bat edo langileen senideak gaixotzen badira bide penala jarriko duela martxan erabakiok hartu dituztenen kontra».